AISA eskoletan izena emateko epea irailaren 1ean zabalduko da. Ordutegiak nahiz eskolak jasotzeko tokiak ikasle eta irakasleen artean molda daitezke.
Ikasleak, aurreko urte bateko AISA ikastaroan.
Irailaren 1ean zabalduko da epea AISA euskara eskoletan izena emateko. Oarsoaldera etorri berrientzako euskara eskolak dira: eskoletan parte hartzeko Pasaian, Errenteria-Oreretan, Lezon edo Oiartzunen erroldatuta egon behar dute interesdunek, eta 16 urtetik gora izan. Euskararanzko lehen hurbilpena dira AISA eskolak. Gerora ikasleek aukera dute euskaltegien ohiko eskaintzetara urratsa egiteko. Oarsoaldeko Euskara Zerbitzuak antolatu ditu eskolak, herrietako euskaltegiekin elkarlanean.
Ikastaroa urriaren 3tik otsailaren 5era arte luzatuko da, 60 ordukoa da. Eskolak Pasaiako nahiz Errenteriako udal euskaltegietako irakasleek, nahiz lau herrietako AEK euskaltegietakoek (Lezoko Oroitzene, Pasaiako Txirrita, Oiartzungo Intxixu eta Errenteria-Oreretako Xenpelar) emango dituzte. Eskola horiek ez dira derrigorrez euskaltegi horietan emango, ikasleekin adostu daiteke horiek non eman, baita horien ordutegia ere. Gainera, eskolak bitartean haurtzaindegi zerbitzua balia daiteke.
Matrikulazioaren prezioa bost eurokoa da, eta horri aurre egiteko laguntzak daude. Ikastaroa egoki egin dutenek hori egin izanaren agiria jasoko dute.
Matrikulatzeko epea irailaren 1ean hasiko da, eta 30era arte luzatu. Honako tokietan eman daiteke izena:
- Errenteriako Euskara Zerbitzua. Herriko Enparantza, zenbakirik gabe. 943 33 96 13.
- Lezoko Euskara Zerbitzua. Donibane kalea, 2. 943 51 34 76.
- Oiartzungo Euskara Zerbitzua. Fermiñene Etxean (Aialde, 3). 943 49 38 42.
- Pasaiako Euskara Zerbitzua. Euskadi etorbidea, 61 (Trintxerpen). 943 00 43 30.