Lampedusan migranteen errealitatea bertatik bertara ezagutzen eta elkartasun sareak josten izan dira Harresirik Gabeko Lurraldeak iniziatibako kideak.
HGL iniziatibako kideak Askavusa elkartekoekin Lampedusan. Argazkia: Harresirik Gabeko Lurraldeak.
Lampedusa utzita, gaur gauean iritsiko dira etxera Mikelazulo elkartearen eskutik eta Harresirik Gabeko Lurraldeak iniziatibaren barruan Italiako Sizilia eskualdeko Pelagiar Irlen Artxipielagoko irlarik handienean izan diren hamalau lagunak. Arkaitz Gartziandia, Itsasne Gomez de Segura, Joseba Barriola, Jurdana Otxoa, Maider Galarza, Naiara Retegi, Ruth Ayllon, Jurdana Mendibe, Idoia Hernandez, Patrizia Iturria, Ainara Gurrutxaga, Txokolo Gurrutxaga, Joseba Maiza eta Beñat Irasuegi izan dira Lampedusan migranteen errealitatea bertatik bertara ezagutzen eta elkartasun sareak josten.
Ez dira bakarrik aritu. Lampedusako Askavusa elkarte kulturaleko kideekin izateko eta haiekin batera ikasteko aukera izan dute, baita harreman sareak sakontzekoa ere.
Irasuegirekin hitz egin du OARSO BIDASOKO HITZAk. Astelehenean egin zuen, oraindik ere uhartean zirela, eta bertan, kontraesanez betetako errealitatea aurkitu dutela esan du errenteriarrak, “turistez betetako irlan, migrazioaren gaineko dispositibo handia dute, baina ikustezina”. Ikustezina den hori argitara ateratzea dute helburu orain Errenteria-Oreretan, herritarrak migranteen errealitatearen gainean sentsibilizatzea, eta horretarako informazio eta irudi mordoa pilatu dute astebeteko egonaldian. Lampedusako CIE Atzerritarrak Barneratzeko Zentroaren egoeraz, uharteak duen kontrol militarraz, eta interes turistikoez mintzatu da Harresirik Gabeko Lurraldeak iniziatibako kidea, eta gogor salatu Europak harrera sistema “krudela” antolatu duela.
Bertan izandako bizipenak bildu ditu OARSO BIDASOKO HITZAk, eta ostiraleko papereko edizioan argitaratuko du erreportaje zabala.