Fernando Lizeaga: «Eskubideak errespetatzea aldarrikatzen ari gara»
Gose greban da Fernando Lizeaga ‘Tato’ antxotarra, Joxean Kortadirekin batera. Bi preso ohiek greba mugagabea egiteko asmoa adierazi dute. Larri gaixo dauden presoen askatasuna aldarrikatu dute.
«Mahai gainean jarri nahi dugu herri hau mugitzeko dagoen beharra» «Gai ez bagara denok batuta borroka egiteko herri hau hilda dago»Kartzeletan ere hainbat preso ari dira greban. Zentzu horretan zein da egoera oraintxe? Egia esan, zoritxarrez, hedabideetan-eta ez da ezer islatzen, eta informazioa tantaka heltzen zaigu. Badakigu Huelvan txandaka ari direla huelga egiten, preso bakoitzak astebete egiten duela, eta horrek poza eta indarra eman digu, eta hortik ere elikatu gara. Aitzolen [Gogorza] kasuan bezala, dei bat da, jendeari mobiliza dadila eskatzeko. Valentzian ere isolamenduan daude, beren borondatez txapatuta, sakabanaketa salatzen, eta bisitarik gabe. Hori da dakiguna, nahiz eta informazio gehiegi ez dagoen, zentsuratuta edo… Ez dakit nola esan. Badakigu kalean ere hainbat iniziatiba lantzen ari direla.
«Helburua da ulertaraztea denok batu behar garela presoen alde» «Legeak agintzen duena betetzen ez badute, kalean guk estutu behar dugu»Besteak beste, manifestazioa deitu du Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Kontrako Mugimenduak biharko Etxarrin. [Debekatu egin duten arren eutsi diote deialdiari]. Helburua da ulertaraztea denak batu behar garela presoen alde. Presoek sentitu behar dute atzean herri bat dutela beren eskubideak defendatzeko. Batzuek behintzat hori dugula lehentasun, beren bizimodu duina bermatzea, eta gure berotasuna eta beraiekin gaudela erakustea. Berriro diot, legeak agintzen duena betetzen ez badute, kalean guk estutu behar dugu nolabait. Iruditzen zaigu guk borrokatu behar dugula eskubide horien alde. Hori da lehentasuna. Horrekin ez dugu esan nahi besterik ez denik egin behar, baina iruditzen zaigu lehentasuna horixe dela orain. Hori bermatzen denean gustura asko egongo gara egon behar den tokian. Etxarriko ikastola zaharrean zaudete eta han elkartasun handia eta bisita asko jasotzen ari zaretela esan duzue azken egunotan. Erantzuna oso ona izaten ari da. Jende asko etortzen da, zalantza askorekin asko eta asko, erabat nahastuta. Asko hitz egiten ari gara jendearekin, eta espero dugu ulertzea gu ez gaudela hemen sigla batzuk aldarrikatzen, ez eta ildo politiko bat ere. Gure anai-arreben duintasuna eta dagozkien eskubideak betetzea aldarrikatzen ari gara.