Oreretako Mugimendu Feministak elkarretaratzea deitu du bihar. 19:30etan izango da Niessen sarreran.
Oreretako Mugimendu Feministak elkarretaratzea deitu du biharko,
Lezon Errenteriako emakume bat erasotu zutelako. Niessen merkatalgunearen sarreran izango da elkarretaratzea, 19:30ean, eta herritar guztiak deitu dituzte bertan parte hartu eta eraso sexistarik ez dutela nahi ozen esatera.
Erasoaren harira, erabateko gaitzespena erakutsi du Lezoko PSE-EEk. “Gertaera nazkagarria da”, esan du Jose Angel Sanchez zinegotziak, “eta elkartasun eta babes osoa adierazi nahi diogu erasotutako emakumeari”. Ertzaintza zoriondu du, bestalde, ” azkar jokatu duelako eta ustezko erasotzailea atzeman duelako”.
Santakrutz jaiei ere egin die erreferentzia alderdi sozialistako kideak, izan ere, asteburu honetan eta hurrengoan ospatuko dituzte lezoarrek: “Espero dugu, jai horietan eraso sexistarik ez izatea”. Horren harira, emakumeek jaiak berdintasunean eta gizonak bezain libre ospa ditzaten, “neurriak har ditzan” galdegin dio Lezoko Udalari. Gizarteak, oro har, erasoen aurrean erakutsitako jarrera txalotu du, halaber, Sanchezek, “argi dago kontzientzia maila handia dagoela eraso sexisten aurrean, eta arro egoteko modukoa da”.
Erasoa salatzeko antolatutako mobilizazioetan parte hartzera deitu ditu azkenik Sanchezek.
Errenteriako alderdi sozialistak ere gaitzetsi du astelehen goizaldean izandako erasoa, eta bitarteko guztiak eta protokoloa abiatzeko eskatu dio udalari erasotua izan zen emakumea laguntzeko. Jose Angel Rodriguez bozeramaileak erasoa gaitzesteko deitutako elkarretaratze eta protestetan parte hartzera deitu ditu errenteriarrak, “gizarteak eta erakundeek zero tolerantzia erakutsi behar dugulako emakumeen kontrako erasoen aurrean”.