Oarsoaldeko Txirrindularitza Eskolan (Otxe) izena emanda, edo eman nahi dutenek nahi adina azalpen jasoko dituzte Oiartzungo kiroldegian.
Otxeko partaideetako batzuk.
Oarsoaldeko Txirrindularitza Eskolak (Otxe) hilaren 19an hasiko du sasoi berria. Ikasturtean zehar egingo dituzten jardueren berri emateko batzarra egingo dute hilaren 15ean (osteguna) 19:00etan Oiartzungo Elorsoro kiroldegian.
Batzarrera deituta daude jada izena emanda dutenak, zein hori egin asmo dutenak. Oraindik txirrindularitzan sakontzeko egitasmoan izena eman ez dutenek, hori egiteko aukera dute Oarsoaldeko kiroldegietan. Hala, hurrengo asteko osteguneko batzarrean emango dizkiete behar adina argibide hala nahi dutenei, “dituzuen kezka edota galderen erantzunak emango dizkizuegu eta ikasturtearen nondik norakoak azaldu”.
Hastear dutena hirugarren ikasturtea izango du Otxek. BTT, BMX, errepidea, pista txirrindularitza modalitateak, edo teknika eta mekanika arloak lantzen dituzte gaztetxoekin, betiere balio hezitzaileak landuz, eta txirrindularitzaren harrobia landuz bizikletaren erabileraren bitartez. Hori egiteko bizikletaren munduan
eskarmentu handia duen lantaldea du txirrindularitza eskolak.