Alkate Txikien txupinak emango die hasiera Santakrutz Jaiei datorren asteartean.
Santakrutz Jaiak aurkeztu dituzte
Badatoz Santakrutzak. Datorren asteartean, Santakrutz Egunaren bezperan, botako dute txupina Alkate Txikiek, orduan hasiko dira jaiak. Gaur aurkeztu dute jaien egitaraua Jesus Mari Martiarena alkateak, Noemi Arberas Gizarte Ongizate saileko zinegotziak, Xanti Val Kultura teknikariak, eta Dami Muñoz Ongizateko arduradunak. Aurtengoak ere, herritik eta herriarentzat egindako jaiak izango direla esan du Martiarenak, “horretarako 20 elkarte, eragile eta norbanakok hartu dute parte jai batzordean, eta haien proposamenekin osatu dugu egitaraua”. Eskerrak eman dizkie guztiei, “haien lanari esker gozatuko dugulako haur, gazte eta helduok”.
Jaiak oinarrizko izaerara itzuli direla nabarmendu du Valek, “13tik 18ra ospatuko dira jarraian, tarterik gabe eta oso garrantzitsua da hori”. 60 ekitalditik gora antolatu dituzte; aurten 9.000 euro gehiago izango ditu jaien aurrekontuak, “2007. urteko kopuruetatik urrun gaude oraindik, baina bada urrats bat”.
Alkate Txikien pregoiarekin hasiko dira santakrutzak, eta egun nagusian (asteazkenean) sobera ezagunak diren hiru bazkariak egingo dituzte: Arrantzaleena, Tartekoena eta Irrizaleena. Lehenengo biek 500 lagun bilduko dituzte. Santakrutz Egunean bertan, herri kirolen erakustaldia, pilota txapelketaren federatuen finala eta zezen suzkoa izango dira. Horiekin batera, sei egunetan zehar banatutako beste ekitaldi ugari nabarmendu ditu Valek: “Baserritarren bazkaria, bertso saioa, buruhandi eta erraldoien kalejirak, musika emanaldi eta kontzertuak, VII. Muxiko Eguna, marmitako txapelketa eta bazkaria, erromeria eta gurean tradizioa den Inude eta Artzainen desfilea ere ez dira faltako”.
Berritasunek ere badute tartea
Tradizioa eta berritasuna uztartu ditu egitarauak, eta azken horien artean, Nekazarien Egunean (hilaren 15ean) ganadu feria egingo dute goiz osoan, “iaz ez genuen egin diru falta zela eta”. Berritasuna kokapena da ere, Gurutze Santuaren plazan beharrean, Goiko Plazan egingo dute feria hori aurten.
Txikien krosa, aurten jaien beste berritasunetako bat. Hilaren 16an egingo dute Euskal Herria plazan. Lagunarteko eskubaloi partidak ere egingo dituzte lehenengoz, gizonen eta emakumeen taldeekin. Emakumeen kasuan Munttarpe eta Egia izango dira aurrez aurre, eta gizonetan, berriz, Munttarpekoak Donibanekoen aurka arituko dira.
Eraso sexistarik gabeko jaiak
Oarsoaldeko lau udalerriek eraso sexistarik gabeko jaien alde indarrak batu dituztela nabarmendu du, bestalde, Muñozek, eta horren harira, eraso sexisten aurkako materiala sortu eta erabiliko dutela azaldu du: “
Eraso bat ikusi, entzun edo jasaten baduzu: Erantzun leloarekin kartelak jarriko ditugu kale eta tabernetan, eraso sexisten aurrean jarduteko protokoloa ere zabalduko dugu inolako eraso sexistarik gabeko eta guztien gozamenerako jaiak izan daitezen”. Kanpainaren barruan, lelo bera izango duen pankarta erraldoia zintzilikatuko dute udaletxeko balkoitik jai guztietan zehar.
Jaien egitaraua eskura app berrian
Jai egitaraua aurkeztuta, udalak sortu duen
app berria ere ezagutarazi dute. Jai egitaraua, egunez egun dauden ekitaldiak, kontsultatzea izango da bertan, baina aplikazio zabalagoa izan nahi duela esan du Valek, eta zerbitzu zabala ematearekin batera, euskara, kirola edo kulturarekin lotutako jarduerak zein elkarteen gaineko informazioa eskura izango da. Turismo jarduerek ere izango dute tartea aplikazioan, “hala nola Jaizkibelera zein alde zaharrera dauden ibilbideak”, gaineratu du Kultura teknikariak. Garraioak, osasun zerbitzuak, farmaziak eta herritarrentzat baliagarria den informazioa ere bildu dute bertan.
App-aren erabilera sustatzeko, eta jaien testuingurua baliatuta, santakrutzetako argazki lehiaketa antolatu du udalak. Parte hartzaile bakoitzak argazki bakarra aurkez dezake lehiaketara, eta ez da derrigorrezkoa lezoarra izatea. Oinarriak app-ean bertan kontsulta daitezke.
Egitarau askotarikoa, adin guztietako lezoar zein kanpotik heldutakoei begira prestatu dutela eta, kezkak albo batera utzita ondo pasatzeko deia egin du Martiarenak, “gozatu jaiak arduraz eta errespetuz, santakrutzak parekideak eta bizikidetzarako jaiak izan daitezen”.
Santakrutzak 2016, egitaraua