
Isabel Mancebo Baldaren ilustrazioa
Ez egin izenaren gaineko espekulaziorik. Autobus Magikoa izena du Oiartzungo musika talde batek, baina izena ez zuten hartu partaideek noizbait egin zuten bidaia miresgarri batetik, edo telesailen batean magiaz betetako garraiorako ibilgailua pertsonai iradokitzailez beteta joan zelako. «Abesti baten sarrerari izena jarri genion Autobus magikoa. Gustatu zitzaigun, eta taldeari izen hori jarri genion». Taldearen izenaren nondik-norakoa argituta, beraz. Orain, taldearen autobusean sartzeko Mugi txartela behar ote den argitzea da hurrengo galdera. Xorrolaz ari ote dira?
Izan ere, mugitzeko moduko musika egiten du Autobus Magikoak duela urtebete pasatxo sortu zenetik —lehen kontzertua iazko Ugaldetxoko jaietan eman zuten—, lasai mugitzekoa gainera, reggae oinarriarekin rap eta root doinuak lantzen dituelako boskote oiartzuarrak. Kontzertuetan Mugi txartelaren beherapenik gabe ibiltzen dira, den-dena ematen dute bi hamarkadara iristen ez diren gazteek, magia omen da hori: Paul (bateria), Julen (baxua), Xabi (gitarra), Gotzon (ahotsa) eta Beñat (gitarra) dira reggae bandaren bost hankak.
Beñat Ibargoienek hitz egin du Hitzarekin. Zehaztu du taldearen sorrera, beste askorena bezala, naturala izan zela: «Taldean jotzen hasi ginen, eta Gotzon abeslariak letra batzuk eginak zituenez, kantuak osatzen hasi ginen, talde bezala lan egiten».
Badaki Ibargoienek reggae musika ez dela masiboa Euskal Herrian, ez taldeen kopurua begiratuta behintzat, baina hori abantaila dela uste du. «Gainera, musika estilo hori umorez jorratzen dugu, eta horrek ere gure alde egiten du», gaineratu du. Letrak, ordea, ez dira umorezkoak bakarrik, esanahi pisutsukoak dira asko: «Kantuak gure espresio modua dira, eta saiatzen gara aldarrikapenek eta salaketek tokia izatea horietan».
Arrakasta lortzen ari da Autobus Magikoa azken hilabeteetan, ezagun, oso ezagun egiten ari dira. Hori neurtzeko datu bat: Youtube plataforman euren abestietako batek, Azken geltokia izenekoak, ia 16.000 bisita zituen asteazken eguerdian. «Jendeak ezagutzen gaitu. Youtuben kantuak edukitzeak asko egiten du», zehaztu du.
Kilometroak egiten
Udan agenda bete-bete izan dute oiartzuarrek. Uztaila eta abuztua artean, esaterako, dozena bat kontzertu inguru eman dituzte Gipuzkoan zehar batik bat, eta iraila ere mardul datorkie; adibidez, hurrengo astean, Gurutzeko festetan joko dute.
Gazteak dira. Dena dute aurretik. Baina hankak lurrean bizi dira: «Taldeari ez diogu helburu zehatzik jarri. Bilakaera positiboa izan nahi dugu, egunero-egunero ikasi, talde bezala hobetu. Publiko zabal batentzako jotzen dugu, gehienak gazteak diren arren. Baina herrian jo dugunean adinekoak ere etorri zaizkigu ikustera».
Euskal Herrian Glaukoma taldea, eta nazioartean Red Hot Chili Peppers. Horiek Autobus Magikoaren erreferentziarik nagusienak. Orain, eurek ari dira erreferente bihurtzen, eta gehiago izango dira diskoaren grabazioa egin eta hura kaleratzen dutenean. Horretan hastear dira.