Errenteriako Gurpilartea elkarteak Biziberritu Kanpaina aurkeztuko du, bestalde, larunbatean.
Bizikletaren erabilera sustatzea da helburua.
Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astea egingo dute hilaren 16tik 22ra, eta horren harira, bi ekintza antolatu ditu errenteriako Udalak. Hilaren 17an, larunbatarekin, bizikleta festa egingo du. Bosgarren aldia izango du Bizikleta Ibilaldiak. Errenteria barruko errepidetik martxa kontrolatua egingo dute, orduerdi inguru iraungo du eta irteera eta helmuga Biteri kalean izango ditu.
Adinka banatuko dituzte parte hartzaileak. hamar urtetik beherakoak, 11:00etan izango dute zita Biteri kalean eta baita haiekin batera irtengo diren guraso eta laguntzaileek ere. 11 urtetik gorakoek berriz, ordubete beranduago egingo dute irteera puntu beretik. Udalak parte hartzera deitu ditu Oarsoaldeko ikastetxe guztiak, eta baita gainontzeko herritarrak ere. Parte hartzea doakoa izango da, eta ez da aurretik izena eman beharko. Kaskoa erabiltzea, berriz, derrigorrezkoa izango da ibilaldian parte hartzeko.
Udal Bizikleta Bideen sarearen erabileraren gaineko azterketa egingo du, bestalde, udalak. Horretarako, sarearen hiru gunetan txirrinda erabileraren zenbaketak egingo ditu hainbat kontagailuren bidez.
Oinezko eta bizikleta bidezko mugikortasun plana
Joan den martxoan onartu zuen errenteriako Udalak oinezko eta txirrinda bidezko Udal Mugikortasun Plana, bizikletaren erabilera bultzatzeko. Gaur egun bidaia guztien %1 egiten dute herritarrek bizikletan eta kopuru hori %5era eraman nahi du udalak planaren bidez.
Errenteriako Gurpilartea elkarteak Biziberritu Kanpaina aurkeztuko du, bestalde, larunbatean. Zumardian karpa jarriko dute horretarako 10:00etan kanpainaren nondik norakoak azaltzeko kartelekin. Bizikletak eta horien osagarriak merke salduko dituzte bertan, gainera.