Azaroaren 6rako egin dute deialdia; 8.400 lagun behar dituzte beste hainbeste metro lotzeko.
Lepoko zapiak jarriko dituzte salgai, 5 euroan, martxoaren 19ko kontsulta finantzatzeko.
Demoarsok antolatuta martxoaren 19an galdeketa egingo da eskualdean. Data horren aurretik, baina, beste tarteko helmuga bat jarri du erabakitzeko eskubidearen aldeko herri dinamikak: azaroaren 6a.
Egun horretan badia inguratu nahi dute giza kate baten bidez, eta horretarako 8.400 lagun bildu, beste hainbeste metro osatzeko, 100 metroko eremuetan banatuta.
Gaur aurkeztu dute ekitaldia, San Pedroko Torreatzen, Demoarsoko bozeramaile Imanol Esnaola eta Gure Esku Dago dinamikako buru Angel Oiarbide bertan zirela. Ondoan izan dituzte eskualdeko aurpegi ezagunak.
Esnolak azaldu duenez, aukeratu duten data ez da ausazkoa: “Izan ere, azaroaren 6an, Estatutuaren inguruan Oiartzualdeko emakumeek lehen aldiz bozka eman ahal izan zutenetik eta erabakitzeko orduan nor izatetik 80 urte betetzen baitira”.
“Sekulakoa da erronka, eta sekulakoa ere, ilusioa”, nabarmendu du Oiarbidek, eta eskualdeko herritarrak ez ezik, herritar oro animatu du parte hartzera. “8.400 metro lotzeko, 8.400 lagun beharko ditugu gutxienez azaroaren 6an, baina erabakitze eskubidearen aldeko dinamikari ez diogu mugarik jarri nahi. Izan ere, zortzi 90 gradutan jarriz gero, infinito bilakatzen baita”.
Aniztasuna
Demoarsoko kideen arabera, etorkizuna nolakoa behar duen “guztion artean” erabaki behar dugu. Horregatik, giza katearen egunean, 100 metroko tarte bakoitzeko, pertsona esanguratsu bat gonbidatuko dute, arduradun lanak egin eta “eskualdeak berezkoa duen aniztasuna irudikatzeko”.
Giza katea San Pedron hasi eta Errenteria-Oreretako zumardian bukatuko da “bozka sinboliko batekin”. Donibane, Antxo, San Pedro, Trintxerpe, Errenteria-Orereta, Oiartzungo, eta Lezoko herritar eta eragile guztiei “ariketa demokratikoarekin bat” egiteko eskatu diete.