Errenteria-Oreretan etxez etxeko laguntzan lanean ari diren 51 langileetatik %90ak jardunaldi partziala du Etxanizen emandako datuen arabera.
Ainhoa Valea eta Rebeca Mesa etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileak eta Xabier Etxaniz ELAren ordezkaria.
Errenteria-Oreretako etxez etxeko laguntzako langileek hiru eguneko greba egingo dute bihartik hasi eta ostirala arte. Herriko biztanleei oinarrizko zerbitzua eskaini arren ez direla udal langileak azaldu du Xabier Etxanizek, ELAren Etxez etxeko laguntzako langileen arloko Oarsoaldeko arduradunak: “Zerbitzu publiko hori pribatizatu egin zuen udalak. Pribatizazioarekin, udalak zerbitzu publiko bat kudetzeari uko egitea dakar enpresa pribatu baten mesedetan, eta horrek, langileen lan baldintzetan eragin zuzena du. Zenbat eta lan kostu bajuagoa, irabazi gehiago enpresarentzat”. Dituzten lan baldintza “kaskarrak” salatzea da hiru eguneko grebaren helburua, “ezin dugulako gehiago”.
Joan den urteko urrian, etxez etxeko laguntzako langileen lan baldintzak hobetzeko konpromisoa hartu zuela udalak esan du Etxanizek, “lan baldintza kaskar hauen konponbide bakarra, enpresa hitzarmena sinatzea da. Diru zatia hobetuko zuela eta sinatutako baldintzak betetzeko beharrezkoak diren klausulak bermatuko zituela esan zigun udalak. Arazo tekniko juridiko batzuk sortu direla esan digu orain, eta ezin duela diru hori eman prorrogak irauten duen bitartean”.
Arazo horren irtenbidea hiru aldeen arteko mahaia proposatu diola ELAk udalari gaineratu du Etxanizek, “mahai horretan udala, enpresa eta langileen ordezkariak biltzea proposatu diogu. Baina udalak, enpresarekin bakarrik biltzea erabaki du”. Nazkatuta daudela eta beti langileak direla kaltetuak esan du Etxanizek, “ate asko jo ditugu gure baldintzak duintzea eskatzeko, baina ez digute jaramonik egin. Horregatik goaz grebara”.
%90ak jardunaldi partziala
Errenteria-Oreretan etxez etxeko laguntzan lanean ari diren 51 langileetatik %90ak jardunaldi partziala du Etxanizen emandako datuen arabera. Ez dutela ordutegi finkorik gaineratu du, “07:00etatik 22:00ak arte lanera joateko prest egon behar izaten dugu. sarri bi ordu egiten dugu lan eta bost orduko tartearen ondoren, beste bi orduz aritzen gara. Lau orduko jardunaldi baterako, bederatzi orduko disposizioa izan behar dugu”. Hilabtean zenbat lan ordu izango dituzten ez dutela jakiten salatu du, bestalde, “irailean lau ordu, urrian bi, azaroan sei… ordua 8,46 euro kobratzearen truke”.
Bihar hasiko duten hiru eguneko grebaren ondorioak erabiltzaileek pairatuko dituztela-eta, “langileentzat egoera mingarria” dela esan du Etxanizek, “erabiltzaileek badakite ez dugula gustuko egoera honetara heltzea, eta are min handiagoa ematen digu, beraiek izatea ondorioak pairatuko ditzutenak, baina ezin dugu gehiago”.