Ume bat lokotxetan, Euskal Herria plazan.
Santakrutz eguna eguzkiak argipean esnatu da, eta giro ederrarekin lezoarrak kalera irtetera animatu dira, asko tartekoen eta arrantzaleen bazkarirako prest.
Edonola ere, goizean umeak izan dira gehien gozatu dutena. Batzuk, Goiko plazan, bizikletarekin aritu dira zinta hartu nahian. Beste batzuk, berriz, Euskal Herria plazan, aurpegia margotzen, eskulanak egiten, lokotxetan nahiz aulki jokoan ibili dira.
Eguerdi aldean, jendea Gurutze Santuaren plazan pilatzen hasi da herri kirolak ikustera. Iñaxio Perurenak 200 kiloko harria jaso du, eta aizkoran, berriz, nor baino nor aritu dira Donato Larretxea eta Iñaki Azurmendi, biak Euskal Herriko txapeldun izandakoak.