Xenpelar Bertso Eskolak, EMKEren Musika Bandak, Mikel Markezek eta Iñaki Erkizia argazkilariak bat egingo dute Txirritaren omentzeko emanaldian.
Xenpelar Bertso Eskola eta Musika Bandaren ordezkariak, Kultura zinegotzia eta Iñaki Er kizia
Txirritaren 80. urteurrena. Horrela du izena, larunbatean, Jose Manuel Lujanbio
Txirrita bertsolariaren omenez EMKEren Musika Bandak, Xenpelar Bertso Eskolak, Mikel Markezek eta Iñaki Erkiziak batera egingo duten emanaldiak. 80 urte bete dira Txirrita zendu zenetik, eta Errenterian jaio zen bertsolari handiari omenaldia egin nahi izan diote, eta proiektu hori, Atlantikaldiaren barruan kokatu dute, gainera.
“Ezkaintza ezberdina, beste disziplina artistikoen uztarketa proposatzera gatoz emanaldiarekin”, esan du Josu Mitxelena musika bandaren presidenteak. Musika emanaldia ohiko agertokietatik aterako dute, herriko Plazak hartuko baitu emanaldia eta musika doinuek eta bertsoek, eszenografia berritzailea izango dute lagun. Emanaldiaren ardatz nagusia musika izango da, eta helburu argia du, Gipuzkoako bertsolaritza ondareari eustea, “musika eta bertsolaritza uztartuko ditugu horretarako– gaineratu du Mitxelenak– musika eta bertsoen arteko elkarrizketa proposatuta”.
Arkaitz Oiartzabal
Xamoa, Aitor Albistur eta Haritz Casabal bertsolariak arituko dira Mikel Markez abeslariarekin eta musika bandarekin batera Txirrita oroitzeko emanaldian. Doinuari, Iñaki Erkizia argazkilari errenteriarrak Txirritaren argazkiekin egindako muntaia gehituko diote. “Argazki oso gutxi eta kalitate txikikoak aurkitu ditugu eta horiek nolabait hobetuta, 20 guztira, erabili ditut muntaia egiteko”, azaldu du Erkiziak.
Oholtzarik gabe arituko dira musikariak, Herriko plazan, eta hiru bertsolariak, berriz, puntu ezberdinetan kokatuta. 22:00etan hasiko den emanaldiari Txirritak berak jarriko dizkio lehen doinuak. Bertsolariaren 1927. urtean Donostian egindako bertso saio baten grabazioak hasiko du zehazki, “Asteasu eta Txirritaren arteko saioa da eta Eresbilek utzi digu”. Egitarauak bi zati izango dituela zehaztu du bestalde, alain ayerdi banadaren zuzendariak. Debako martxarekin hasiko da eta Agur Jaunak barietateak emango dio segida.
Bigarren zatian, musika bandarekin batera arituko dira bertsolariak eta Mikel Markez. Aitor albistur bertsolariak azaldu duenez, Txirritaren sei bertso aukeratu dituzte horretarako. Amaieran berriz, Bob Marleyren Redemption Song bertsoz jantziko dute, “gukmsortutako bertsoak Txirritaren omenez”.
Txirritaren bertsoak oinarri
Kantabriako partian, pixka batian ez naiz aztuko, sartuagatik lur-pian, nere aitamenak izango dira, beste larogei urtian. Txirritak egindako bertso baten zatia da, eta hori izan dutela oinarri omenaldia prestatzerakoan esan du Mitxelenak, “hil eta 80 urtera bere bertsoak entzungo dira Errenterian, berak aurreikusi moduan”.
Herriko plaza duen akustika onarengatik eta agertoki paregabea delako aukeratu dutela esan dute. Beste arrazooirik bada ordea, erabakiaren atzean. Izan ere, Elizaren eskailerak egiten aritu zen beste batzuekin batera Txirrita, hargina baitzen. Zazpigarren eskaileran gainera, urtea dago jarrita, 1896, “diotenez, eta probatuta ez badago ere, Txirritak berak jarri omen zuen”.
Ion Collar Kultura zinegoztiak eskerrak eman dizkie proiektuaren atzean lanean ari diren guztiei: “Larunbatekoa ez da omenaldi soila izango, gure ondarea eta gure herrikoen historia berreskuratzen da emanaldiarekin. Auzolanean egindako lana da gainera”.
Xenpelar Bertso Eskolak, musika bandak eta Collarrek herrritar guztiak eta Oarsoaldeko bizilagunak ere gonbidatu dituzte “bertaratu eta prestatutakoarekin gozatzera”. Eguraldiak ez badu laguntzen, herriko plazatik, Koldo Mitxelena ikastetxeko patio estalira eramango dute emanaldia.