Hamahiru urte zituela hasi zen arraunean Oihana Cereijo. 26rekin bere bigarren Kontxa irabazi du.

Sanjuandarra, Kontxa eta gero trainerua garbitzen
26 urte baino ez dituen arren, Batelerak traineruko beteranoetako bat da Oihana Cereijo sanjuandarra. Hamahiru urte zituela ez zen ausartu ez zuela arraunean aritu nahi esatera, eta orduz geroztik bizitza erdia eman du tosta barruan.
Iaz atseden hartu zuen, baina aurten indarberrituta itzuli eta bere bigarren Kontxa irabazi du, bizitzako estropada eginez. Zalantza du Hibaika baino hobeto ibili ote diren, baina ” markatutako estropadetan asmatu” dutela uste du.
Pasai Donibanen jaioa zara. Ez dizut galdetuko zein den zure kolore faboritoa…
Ez da beharrezkoa, ez [elastiko eta espartin arrosekin agertu da elkarrizketarako].
Betidanik izan zara arraun zalea?
Egia esan, beti gustatu izan zait arrauna, baina ez modu berezian. Nire klase kideak apuntatu zirelako apuntatu nintzen ni, kurtso amaiera batean, hamahiru urte nituela. Gero klubetik deitu zidaten, nik ez nuen joan nahi, baina nire amak esan zidan, ‘apuntatu egin zara, joan egin behar duzu eta orduan esaiezu ez duzula nahi’. Ez nintzen ausartu eta hemen jarraitzen dut [barre egin du].
Aulki finkoan edo mugikorrean hasi zinen?
Koxtape Arraun Elkartean biak bultzatzen dira. Batelekin hasi egiten ginen eta denboraldia bukatzerakoan aulki mugikorrera pasatu. Denboraldi erdia batelan, beste erdia mugikorrean.
Eta aurrerago trainerura…
Bai, jubeniletatik aurrera.
Noiz atera zen emakumeen lehen trainerua Donibanen?
Emakumeen lehen estropadak 2008an egin ziren eta bi urtez Hondarribian egon nintzen, beste arraun kide batzuekin, hemen ez genuelako osatzen. 2010 urtean, ikusita jende dezente gindoazela Hondarribira, hemendik bultzatu zen ontzia egitea, eta urte hartan atera zen aurrenekoz Batelerak trainerua.
Koxtapek emakumeen trainerua ateratzearekin batera sartu zinen zu taldean. Nola gogoratzen duzu lehen urte hura?
Hasierak beti gogorrak dira, baina oso talde jatorra ginen, konplizitate handia zegoen eta oso gustura ibili nintzen. Urte hartan Maite Zunzunegi eta Ander Oterorekin ginen, eta oso gustura egon nintzen, disfrutatzen. Horregatik jarraitu genuen.
Zeinek esango zizun duela zazpi urte Kontxa irabaztera iritsiko zinela!
Ez [arnasa botaz], ez genuen aurreikusten, ez.
Traineruaren hirugarren Kontxa, hirugarrena jarraian gainera. Baina zure bigarrena, iaz atseden hartu zenuelako. Zer dela-eta geldialdi hori?
Bakoitzak bere zikloak ditu, eta nireak eskatzen zidan atseden hartzeko. Zure gorputzak eskatzen dizunean hartu behar da, gero gogo, ilusio eta grina gehiagorekin bueltatzeko. Gogorik gabe urte guztia entrenatzen egoteak ez du ezertarako balio. Indarrarekin egotea garrantsitsua da eta zuk pentsatzen baduzu urtebeteko atsedena behar duzula, egokiena erabaki hori hartzea da, eta hala egin nuen.
Eta aurten, kosta egin al zaizu berriro ontzian sartzea?
Bai. Nik ez diot kirola egiteari utzi, ez maila horretan arituz, baina ibili naiz. Hortaz, kosta egin zitzaidan, baina ez zen izan zerotik hastea bezala. Indarberrituta itzuli nintzen.
Maila horretan diozu. Hainbestekoa da behar den maila?
[Aurpegi serioa jarri du] Entrenamenduak oso exijenteak izaten dira, oso. Negu partean bakarrik entrenatu behar zarenean, edo taldekideren batekin baina talde txikiagoetan, batak besteari babesa emateko… Gogor eta luze joaten dira entrenamenduak eta dena uztartu behar da, lana, ikasketak…
Horretan behintzat ez da alderik mutilen eta nesken artean. Negua berdina da denentzat?
Nik egunero ikusten ditut eta beraiek ni ikusten naute. Beraiek bezala guk egun bakarra dugu astean jai. Parekatu ibiltzen gara.
Baina merezi dizula dirudi. Zer da arraunetik gehien maite duzuna?
Disfrutatu egiten dut. Udaran, irabazten dugunean, baina baita neguan ere, asteburutan uretara goazenean, euriarekin bustitzen naizenean, itsaso txarra dagoenean. Batzuetan sufritu ere egiten dut, baina sufrimendu horrek plazera ematen dit, bestela ez nintzateke hor egongo.
Eta batez ere talde izaera hori, bakarrik egongo bagina ohean geratuko ginateke. Taldea garrantzitsua da, taldean ondo pasatzea, eta arrauna, azkenean, familia bat da.
Eta gorrototo duzunik ba al da?
Entrenamendu gogorrenak ergometro garaikoak dira, hori dudarik gabe. Baina gaizki noiz pasatzen dudan? Badira goibel zauden egunak, zure gorputzak ez du joan nahi baina joan egin behar duzu, konpromisoa duzulako taldearekiko, eta egun horietan ere hor egon behar zara.
Buru indartsua behar izaten da…
Bai, baina batak besteari babes handia ematen dio, ez zara bakarrik sentitzen.
Taldean, zeinengandik jasotzen duzu gehien babes hori?
Ane Pescador, Josune Ugarte, Inder Paredes, Irati Iñarra, Laura Goldarazen… Urte piloa daramat arraunean beraiekin. Gero taldeak aldatzen dira, batzuk joaten dira, utzi nahi dute, besteak batzuk ama izan nahi dute [barrez], berriak etorri… Baina badira betidanik hor o diren pertsonak eta afinitate gehiago daukazuna beraiekin.
Beste izen bat botako dut nik. Juan Mari Etxabe, entrenatzailea. Nolakoa da?
Ni oso ondo eramaten naiz Juan Marirekin. Gogorra da, haserretu behar denean haserretzen da, beste batzuetan guri iruditzen zaigu ez dela haserretu behar eta esaten diogu… Gorabeherak ditu, hainbeste ordu egiten baititugu elkarrekin… Baina oso ondo, Juan Marirekin oso ondo. Beti entzuteko prest dago, bera eta Alberto Grijalba ere, eta ez guri bakarrik, atzean dagoen jendeari, mediku aldetik, nutrizio aldetik… Eta goibel ikusten zaituenean konturatzen da eta zuregana etortzen da.
Zuentzat denboraldia bukatu da Kontxarekin. Orain duzu atseden hartzeko aukera, eta datorren urteari begira jartzeko. Ba al dakizu zer egingo duzun?
Ez dakit. Ez dizut esango ez jarraituko dudanik, ez utziko dudanik. Hasiera batean oso argi nuen ez nuela jarraituko, orain zalantzak dauzkat… ez dakit, ez dakit. Une honetan udaran egin ez ditudan gauzetan pentsatzen ari naiz, eta orain dut aukera. Bizikleta hartu eta mendira joan, lagunekin parrandak egin, mutilarekin bidaiatu edo behintzat asteburutxo bat hartu. Beste horietaz disfrutatu nahi dut orain.
Denboraldia bukatuta izaten dira taldez aldatzeko eskaintzak, eta abar. Mutiletan behintzat hala izaten da, nesketan ere?
Pentsatzen dut baietz. Badira errefortzua behar duten taldeak denboraldi berriari begira, baina ni ez nago mugimendu horietan oso jarria. Egon egongo dira, talde guztietan ikusten ditugulako beste nonbaitetik etorritako neskak. Baina ez dakit.
Hortaz. Zuk ez duzu halako deirik jaso.
Ez. Eta jasoz gero, ni sanjuandarra naiz, nire herriaz harro nago eta nire koloreak defendatu nahi ditut.