Errenteriako Udalak bere ardurapean dauden 70 eraikinetan amiantorik ote dagoen aztertuko du. Prebentziorako azterketa den arren, beharrezko ikusten du udalak, herritarren onurarako.
Errenteriako udaletxea izango da aztertuko duten eraikinetako bat.
Errenteriako?Udalaren jabetza diren 70 bat eraikinetan amiantorik dagoen aztertuko dute. Esleipen prozesua abiatu du udalak aste honetan bertan, kontrol mahaitik pasatu ondoren. Enpresek euren eskaintzak aurkeztu, eta horietako bat onartzen denean, hasiko dute inbentarioa. Udalaren aurreikuspenen arabera, urria bukaerarako lanean has liteke enpresa inbentarioa egiten, eta sei bat hilabete beharko lirateke azterketa osoa egiteko.
Asmo horren atzean udalbatzak 2010ean eta 2012ean onartu zituen bi mozio daude, biak ala biak aho batez. Horrela, besteak beste, zinegotziek gehiengo osoz erabaki zuten herrian, «udal instalazio, industria zein nekazaritza pabilioietan, eta udalerriko bestelako eraikinetan dagoen amiantoaren inbentarioa» egitea. Mozio horiek Asviamie elkartearen ekimenez landu ziren; Amiantoaren Biktimen Euskadiko Elkartea da Asviamie.
Jakina da amiantoa gai kutsakorra dela, eta pertsonengan gaixotasun larriak sortzen dituela. Biriketako minbizia eta mesotelioma —gorputzeko hainbat organo babesten duen geruza higatzea— dira gaixotasun horietatik ohikoenak: amiantoa kutsakorra da arnasten bada. Batez ere industrian eta eraikinetan erabiltzen zen amiantoa, isolatzaile modura ona zelako, eta merkea. Baina hilgarria.
Hori horrela, 2002tik ezin da amiantoa lehengai bezala erabili ez industrian ez eta eraikinak egiteko prozesuetan. Baina 1970 eta 1980ko hamarkadetan egindako eraikinetan, nahiz aurretik ere industrian, asko erabili zen. Are gehiago: Europako Batasunak 2015eko otsailean erabaki zuen amiantoa duten produktu guztiak deuseztatzeko prozesuak abiatzea batasuneko herrialdeetan.
Horri guztiari jarraituz Errenteriako Udalak hari dagokion ardura hartu, eta lehenik eta behin udal eraikinetan azterketa egingo du, ea amiantorik ote dagoen horietan jakiteko. Baina adi. Ikerketa da, inbentarioa egiteak ez du esan nahi herriko udal eraikinetan amiantorik dagoenik inondik inora.
Diagnostikoa
Iñaki Azkarate Errenteriako?Udaleko Ingurumen Saileko goi mailako teknikaria da. Hark esan duenez, erabilera publikoa duten lokalak izango dira aztertuko direnak, kiroldegiak, liburutegiak, udaletxea, haurtzaindegiak, eskolak, ludotekak… «1980 edo 1970eko hamarkada aurretik egindako eraikinak izango dira aztertuko direnak. Langileen, erabiltzaileen eta herritarren lasaitasunerako beharrezkoa da ikerketa bat egitea».
Azkaratek aitortu du herrian amiantoak eragindako kalteen gaineko sentsibilitate berezia badagoela, batez ere Paisa enpresak lehengai hori erabili zuelako bere isolamendu gaien ekoizpenerako —gaiari buruzko dokumentala egin zuen Juanmi Gutierrezek 2010ean, La Plaza de La Música—.
Gaia lantzerako orduan, ordea, ez du bere kabuz jo udalak. Horrela, hainbat bilkura egin ditu Osalanekin (Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea), Asviamierekin nahiz amiantoaren kudeaketan eredu izan diren beste udal batzurekin, Legazpikoa, Usurbilgoa edo Hernanikoa kasu. Hau da, bidea eginda dutenekin bildu da.
Elkarlan hori ezinbestekotzat eman du Errenteriako Udaleko Ingurumen teknikariak: «Horrela, prozeduran izan zitezkeen akatsak edo hutsuneak zeintzuk izan zitezkeen antzeman dugu. Garrantzitsua da elkarlana».
Lan prebentiboa da udalak egingo duena. Hori egiteko iturria —edo arrazoiak— da udalbatzak hartutako erabakiak, Europako Batasunaren irizpideak, eta gainera, Eusko Jaurlaritzak?Osalanen bidez udalekin elkarlan hori aintzat hartuta duela. «Osasun eta ingurumen aldetik prebentzio lan hori egitea garrantzitsua da», zehaztu du.
Aukera gutxi
Iñaki Azkaratek uste du 70 udal eraikinetan egingo den azterketaren emaitza baikorra izango dela, ez du uste amiantoa azalduko denik. Baina behin inbentarioa eginda, enpresak azken txostena aurkezten duenean, hainbat aukera zabal daitezkeela aurreratu du.
Nonbait amiantoa agertuko balitz, Rera izeneko erregistroan —amiantoa kendu edo manipulatzen duten enpresen erregistroa— dagoen enpresa espezializatu batek kendu beharko luke, eta dagokion tokian utzi.
Kentzeko prozesuan, baina, lehentasunak ezarri beharko lirateke. Hala, batez ere amiantoarekin kontaktu zuzena izan daitekeen tokietatik kenduko litzateke lehenik. «Harritzekoa izango litzateke nonbait amiantoa agertzea, eta are gehiago, lehengai horrekin kontaktu zuzena izateko aukera egotea. Baina hala balitz, lehentasunak handik hasiko lirateke. Inbentarioa prebentziorako egitasmoa da».
Oarsoaldean nahiz Bidasoan lehen udala da Errenteriakoa gisa honetako zeregin bati ekiten diona. Beste udalerrietan ere onartu zituzten Asviamiek aurkeztutako mozioak.
Mari Jose Arbelaitz: «Amiantoz inguratuta gaude eta ez gara jabetzen»
Mari Jose Arbelaitz.
Amiantoaren ezagueran eta dituen eragin negatiboak kontuan hartzeko lanean ari da Asviamie. Errenteriako Udalarekin elkarlanean aritu da ikerketa bat aurrera atera dadin.
Amiantoa eta dituen eraginak ez dira oraingo gauza.
Aspaldi aurkeztu genuen proiektua da udaletakoa. Orain arte, gehienbat, lantegietan zentratu gara, baina gure ingurua amiantoz beteta dagoela kontuan izanik, kezka beste esparruetara ere zabaldu nahi izan dugu. Hortaz, Gipuzkoako udal guztietan mozioak aurkeztu genituen duela hiruzpalau urte, baina orain arte ez dute pausurik eman.
Ezkutatu egin dela uste duzue?
Amiantoari buruz oso lan gutxi egin da. Orain arte, gainera, lantegien inguruan soilik mugitu gara, mugitu garenok. Baina, oraintsu, sententziak atera dira Bartzelona eta Italian, adibidez, kalean ere amiantoa dagoela ziurtatzen dutenak, eta dakartzan ondorioak ez direla onuragarri esaten dutenak. Une aproposa da gaiari eusteko.
Bakoitzak jakingo du zergatik ez duen orain arte gaia hartu. Desamiantatzeak kostu ekonomiko handia suposatzen duela badakigu. Kontzientzian ere gutxi eragin da.
Ba al da baliabideak gauzatzen dituenik ?
Bai, Hernanik, adibidez. Argi eta garbi aurkeztu dute herrian amiantoa dagoen lekuekin osatutako mapa, eta neurriak hartzeko eskakizunak egin dituzte. Lagun bat bertara joan da bizitzera adibidez, eta eraikinak amiantoa zuenez, zain egon behar izan du hura kendu arte. Udalak argi du, amiantoa dagoen eraikinetan eragin behar dela eta horretarako baliabideak jartzen ditu.
Oreretan Asviamie taldeko kide batzuk udalarekin elkarlanean aritu gara ikerketa aurrera ateratzeko. Lehen pausua konpromiso hori hartzea da.
Eta hurrengo pausua?
Arazoaz jabetu eta denena dela sinestea. Gure partetik ahal duguna egingo dugu: informatu, elkartasuna adierazi… Udalek ere baliabideak jarri beharko dituzte aurrera dena aurrera atera ahal izateko. Amiantoz inguratuta gaude eta ez gara jabetzen.
Nola jakin amiantoa dagoen?
Gehienbat teilapeetara eta tuberietara so eginez. Ziurrenik 1970eko eta 1980ko hamarkadetan eraikitakoetan aurkituko dugula. Baita kaleetako fibro-zementoetan ere.
Eta gure gorputzetan? Nola eragiten dio osasunari?
Hiru gaixotasun mota eragin ditzake orokorrean. Larriena mesotelioma da, zuzenki amiantoak sortzen duena. Asbestosisa eta plaka pleuralak ere sor ditzake. Amiantoaren fibrak arnasten dituzunetik sartzen dira gorputzera eta ondoren (ez du zertan une horretan izan behar) aktibatu egingo dira eta gaixotasuna garatu. Izan daiteke, beraz, bihar edo hemendik berrogei urteetara nabaritzea kaltea.
Kalteak, beraz, ez dituzte soilik amiantoa manipulatzen dutenek jasaten?
Ez. Fibrak arnasten dituen orok dauka gaixotasuna garatzeko probabilitatea. Tuberiekin lan egiten dutenek, buzoak garbitzen dituztenek, fabrika baten aurrean bizi direnek… Horregatik da garrantzitsua lantegiez gain, kale zein etxeak ere ikertzea. Udalari beregain dituen udal eraikinetan ikertzeko eskatuko diogu. Fabrika eta etxeetan sartzea zailagoa da; bakoitzaren esku dago. Hala ere, Jaurlaritzak atera duen lege bat aprobetxa dezakegu. IAT moduko bat pasatzea litzake proposamena, etxeen egoera orokorrean aztertuko luke, baina amiantorik ote dagoen ikertzeko ere erabil daiteke. Une egokia da Jaurlaritzan ere gaiari lekua egin eta kontuan har dezaten bultzatzeko.
Oarsoaldean eman den kasurik ezagutzen duzu?
Asko eta asko. Bertako fabriketan lan egindako jendea hil egin da. Jendea hiltzen ari da. Luzuriagan izan dira kasuak, Paisan baita ere, Cementos Rezolan…
Lantegi eta langileez gain gertatu den baten bat?
Bai. Eta ordutik hasi nintzen Asviamie taldean ekiten. Nik Paisa fabrikan egiten nuen lan, Errenteriako Musika Plazan zegoen hartan. Amiantoarekin lan asko egin dugu bertan. Lehen pisuan erauzgailu bat zegoen, kea kalera ateratzen zuena. Imajina, kalera ateratzen zen guztia. Parez pare zegoen etxean familia bat bizi zen, beste askoren artean. Baina familia hartako emakume bat mesotelioma gaixotasunagatik hil zen. Bera etxekoandrea zen, eta ez zuen inoiz amiantoarekin lan egin.
Heriotza gertatu zenean familiakoak kezkatuta zeuden, eta ikertzen hasi ziren ondorio honetara iritsi ziren arte: Paisatik arnastutako hark eragin zion kaltea. Oreretatik Donostiara etxez aldatu baziren ere, urte batzuetara hil zen emakumea. Guztia azaltzeko, haren seme zinemagileak, filma ekoiztu zuen, amari eskainia: La Plaza de La Música. Duela sei urteko Zinemaldian estreinatu zen.
Horregatik da garrantzitsua gaia kontuan hartzea. Guk lanean jarraituko dugu. Lantegietan eta kalean.
Zein eskaera egiten duzue eta nori?
Gutxienez herrietan amiantoa non dagoen ikertu eta jakinaraztea. Bai publikoak eta baita pribatuak diren eraikin edo etxeetan ere. Eta baliabideak eskaintzea. Herritarrei gaia kontuan hartzea ere eskatu nahiko genieke. Amiantoa detektatzen ez badakite, galdetzea. Gu eta beste batzuk lanean gaude horretarako, kontzientziak garatzeko.