Jendea barra-barra ibili da goizean, eguraldiak lagunduta.
Marit & Rona, Zumardian, Atlantikaldia 2016aren barruan.
Giro ederra izan da gaur eguerdian, Errenteria-Oreretan. Primerako eguraldia izan ezik,
Atlantikaldia aitzakia bikaina izan da etxetik ateratzeko, eta hori nabaritzen zen kaleetan: jendea barra-barra zebilen batean eta bestean.
Eguzkiak argia jarri du, eta Atlantikaldiak kolorea. Munduko hainbat txokotako jendea, musika, janaria eta ohiturak ikusi, entzun eta ezagutzeko aukera izan da.
Zumardia izan da adibidetako bat. Atlantikaldiaren karpetako batean Marit & Rona Eskoziako bikotea entzutera animatu dira hainbat herritar, eta beste batzuk, berriz, terrazan geratu dira aperitiboa hartzen. Leporaino beteta zeuden.
Erdialdean sartuta, eta ezkontza batekin topo egin ondoren, Foru plazatik ere doinuak entzun zitezkeen. Hainbat lagun animatu dira Son Candela taldearekin erritmo latindarrak dantzatzera. Foru plazan bertan, Usain eta Zaporeen Bidaia azoka zegoen.
Biteri kalerantz eginda, zintzarri hotsak eta maskaradunak. Korrika ibili dira kalean gora eta behera Lazako (Ourense, Galizia) Peliqueiroak.
Bidean berriro buelta eman, eta musika gehiago, baina oraingoan, Herriko Plazan. Harako bidean, ordea, Kapitain Etxean sartu, eta munduko hainbat tokitako zapi tradizionalak nola jartzen diren ikasteko aukera izan da. Herriko plazatik zetorren soinua Bec & Jen Kornuallesko Dalla taldeko bikotearena zen.
Denborak aurrera joan ahala, entzumena baino usaimena garatuago zegoen. Izan ere, batzuk kalean gozatzen ari ziren bitartean, beste batzuk sutondoan pasatu dute goiza, eta 14:00ak alderako, ia prest zuten bazkaria. Euskaldarrak elkartean, esaterako, txinatar sukaldaritza ezagutzeko aukera izan da, eta arroza prestatu dute.
Oraindik, ordea, luzerako du Atlantikaldiak eta datozen orduetan ere
hamarnaka ekintzaz gozatzeko aukera izango da. Gauean, esaterako, Chambao Andaluziako taldeak joko du Agirre Lehendakaria plazan.