Garagardo Festa ostegunean hasiko da. 12 marka dastatzeko aukera dago. 100 boluntariok lan egingo dute.
Lezoko Garagardo Festaren artxiboko irudia.
Tiñelu elkarteak laugarrenez antolatu du
Garagardo Festa. Hilaren 29tik (ostegunetik) urriaren 2ra (igandera) Karlos Saldise plaza garagardotegi erraldoi bihurtuko da: 12 marka dastatzeko aukera egongo da, Tiñelutik esan dutenez, denak kalitate handikoak.
Baina garagardoa edatearekin eta dastatzearekin batera, izango da festa Saldisen. Hala, musika programazio mardula antolatu dute elkartekoek: ostegunean Traband taldeak joko du, ostiralean Jaixkipe txarangaren esku geldituko da animazioa, eta larunbatean Balerdi DJ Experience disko jartzaileak girotuko du gaua.
Orotara, Tiñeluk 100 boluntario jarriko ditu lanean den-dena ondo joan dadin. Izan ere, elkarteak adierazi du aurreko hiru edizioetan primeran joan dela jaia, horregatik, laugarrenari ez diote muzin egin, gogoz antolatu dute. Hortaz, herritarrei eta inguruko herrietakoei Lezora joan daitezela eskatu diete.
Honakoak, Garagardo Festaren ordutegiak:
- Hilak 29, osteguna: 18:00etatik 00:30era zabalik.
- Hilak 30, ostirala: 18:00etatik 00:30era zabalik.
- Urriak 1, larunbata: 18:00etatik 02:00etara zabalik.
- Urriak 2, igandea: 18:00etatik 00:30era zabalik.