Azken bost urtetan Pasai-Donibane Koxtaperen entrenatzailea izan da Fernandez.
Joseba Fernandez.
Zurrumurrua kalean zebilen, eta konfirmatu berri da. Joseba Fernandez Urdaibaira doa. Bermeoko arraun elkarteak konfirmatu du fitxaketa.
Azken bost urteetan Koxtaperen gidaritzan, sanjuandarra Urdaibaira doa hango proiektu berria gidatzera. Bermeoko taldearen presidente Agustin Aranburuk esan duenez, Fernandez hara doa “arraunaren lehen lerroan Urdaibai mantentzeko erronka” betetzera, eta “harrobiaren lana indartzera”. Zeregin horretan sanjuandarra “pertsona egokiena” dela uste dute bizkaitarrek, horregatik fitxaketa.
Fernandezek bere arraunlari ibilbidea herrian hasi zuen. Ondorenean, Mecosen, Pedreñan (2005-2007), eta Castron (2008-2011) egin zuen bidea, entrenatzaile eta arraunlari gisara azken bi talde horietan. Donibanera 2012an itzuli zen. 2016a, San Juanen gizonen taldeak azken urteetan egin duen urterik oparoenetakoa izan da: San Miguel Ligan bandera bat irabazi dute (Petronor Bandera, Zierbenan), liga horretan laugarren izan dira, eta Kontxan ohorezko txandan sartu du trainerua.
Koxtapek eskerrak eman dizkio publikoki Fernandezi, eta bide berrian zorte ona opa dio.