Larunbaterako antolatu du irteera Jaizkibel Mendi Taldeak, Galipentzuko gazteluaren arrastoak bisitatzeko.
Galipentzuko zubi erromanikoa bisitatuko dute, besteak beste.
Jaizkibel Mendi Taldeak ekin dio berriz ere ikasturteko martxari eta larunbaterako antolatu du lehen irteera, Nafarroako Gazteluen Biraren barrukoa.
Galipentzuko gazteluaren hondakinak bisitatuko dituzte. Horretarako Antxotik abiatuko dira 08:00etan, autobusez, Galipentzuraino. Han, gazteluaren arrastoak eta herriko erdigune historikoa bisitatu ondoren, Kasedarantz abiatuko dira, bidean Santiago eta San Felipe ermitak bisitatuz. Ibilbidea 7,5 kilometrotakoa da, eta desnibel txikikoa.
Ibilaldia bukatuta Zangozan bazkalduko dute, 15 euroren truke. Autobusaren prezioa ere 15 eurokoa izango da.
Interesdunek mendi taldearen
webgunearen bidez eman dezakete izena, edota taldearen egoitzara deituta (943 514 700), gaur edo ostiralean, 20:00etatik 22:00etara.