Errefuxiatuen krisiaren gaineko ikuspegi kritikoa lantzen hasi da Harresirik Gabeko Lurraldeak. Sentsibilizazioa lantzeko hitzaldiak antolatu ditu azaroan.
Harresirik Gabeko Lurraldeak Inizizatibako kideetako batzuk batzarrean.
Harresirik Gabeko Lurraldeak iniziatibako kideek batzar irekia egin zuten asteazkenean Mikelazulon. Lampedusako uhartean izan dira hamalau kide abuztuan astebetez, migranteen krisiaren gainean ikusi, entzun eta ikasten. Han jasotakoa gizarteratu nahi dute orain, eta asteazkenekoa urrats bat izan da bide horretan. Bildutakoek Mikelazulo bete zuten eta adi entzun zituzten Harresirik Gabeko Lurraldeak (HGL) osatzen dutenen azalpen eta esperientziak.
Lampedusa aukeratzeko bi arrazoi izan dituzte HGLkoek: “Errefuxiatuen krisiaren sinbolo bihurtu da, salbamendurako irla, eta baita Europaren lotsaren sinboloa ere”. Bestalde, Askavusa Lampedusako elkartearekin harremana egin zuten.
Hanka hutsik esan nahi du Askavusak, eta elkarte horrek errefuxiatuen krisiaren gaineko ikuspuntu oso kritikoa omen du, “ideologikoki oso gertuko sentitu genituen, haiek gonbidatu gintuzten joatera”.
Helbururik behinena, Errenteria-Orereta, eta ahal dela Euskal Herrian sentsibilizazioa lantzea dute orain, ikuspegi kritikoago batekin begiratzea errefuxiatuen krisiari.
Askoltare teknika praktikatzera joan zirela bertara argi utzi dute: “
Askoltare entzutea da, eta entzutera joan gara gu, ikusi, jaso eta bildutako hori guztia zabaltzea da orain gure lana”. Ikuspuntu kritikoa beharrezkoa dela argi dute, “medioetatik jasotzen duguna askotan ez da hain objektiboa izaten”.
Esperientzia sakona eta interesgarria izan da guztientzat, “eta nahiz eta pentsatu aurreiritzirik ez genuela, bagenituela ikusi dugu. Gaiarekiko ideia bat eraikitzen duzunerako, hankaz gora jartzen zaizu hurrengo egunean”. Lampedusan zirela 300 migrante heltzen ikusi zituzten uhartera, “gauez eta diskrezioz ekarri zituzten itsasontzi batean eta hori gertatzen ari zen bitartean, 100 metrora yate batean turistak jai izugarria egiten ari ziren. Oso gogorra izan zen une hori guretzat”.
Kontrastea izugarria omen da bertan, turismo masifikazio handia du irlak (6.000 biztanle ditu uharteak eta udaran 30.000) eta bestetik, Europara heldu nahi duten errefuxiatu askorentzat atea da. Iniziatibako kideren batek migranteak
pateran heltzen ikustea espero zuela aitortu zuen Lampedusara heldu aurretik, “uste nuen itsas ertzean zain izango ginela, hara helduko zirela eta lagundu egin beharko geniela. Inondik inora ez da horrela. Han ohartu ginen guztiz sistematizatuta dagoela migranteen ekarrera. Ez dira etortzen, ekarri egiten dituzte. Sistema oso konplexua da eta ekonomikoki irabaziak ere ematen ditu”.
Migranteen gainean, negozioa
Izan ere, Lampedusatik itzulita argi dute migranteen gainean negozioa dagoela, “Atzerritarrak Barneratzeko Zentroak, migrante bakoitzeko dirua jasotzen du. Heldu bakoitzeko 30 euro eta haur bakoitzeko 90 euro. Urtean 3.000 migrante jasotzetik, 30.000 jasotzera pasatu zen zentroa udalaren eskuetatik estatuaren eskuetara igaro zenean. Mafiarekin harremanak dituela ere badiote”. Gaur egun Libia eta Argeliako kostetan jasotzen dituzte salbamendu itsasontziek migranteak, eta Lampedusaraino eramaten dituzte, “arrantzatuak dira”. Portura heltzen direnerako zain dituzte militarrak, autobusetan sartu eta Atzerritarrak Barneratzeko Zentrora eramaten dituzte, “hori guztia gauez, eta sekretupean egiten dute. Zentroan zer gertatzen den ez dakigu, inor ez delako bertan sartu. Lampedusarrek ere ez dakite zer dagoen bertan. Kartzela da”.
Jende ugari bildu zen Mikelazulora.
Bi mundu omen daude, bat agerikoa eta bestea ezkutukoa, migranteena. Horien arteko selekzioa egiten dutela gero azaldu dute, “ekonomikoak eta politikoak bereizten dituzte”. Heldu berri direnei ez dietela informazio pertsonalizaturik eskaintzen salatu dute, “ziurrenik beren hizkuntzan ere ez diete hitz egingo, beraz, ezin ulertu. Izen eta abizenak, jaioterria eta zergatik iritsi diren bertara zehaztu behar dute. Askotan bete gabe uzten dute atal hori eta horrek, zuzenean, migrante ekonomiko gisa sailkatzera eramango ditu. Akats ugari daude prozesu guztian”.
Bizitza etenda
Zentroan 72 ordu baino gehiago ezin dituzte legez eman, baina hilabeteak pasatzen dituzte bertan, “kartzela publikoa da, itxita daude bertan, eta sareen artean zuloa dago bertatik atera ahal izateko. Duintasunaren kontrakoa da erabat”. Ateratzen dituztenean Siziliara eramaten dituzte, ferryan, ilaran eta polizia artean. Migrante politikoak direnek asiloa lortua dute. Paperak lortzeko bi urtez itxaron beharko dute, ordea, eta bitartean ezingo dute ez lanik, ez ikastarorik egin, “bizitza eteten zaie. Askok badakite, gainera, familiak Europako beste herrietan dituztela eta itxaroteak ez die merezi, nahiz eta automatikoki ilegal bihurtzen diren”.
Migrante ekonomikoen kasuan, astebete ematen diete, beraien kabuz euren herrietara itzultzeko.
Uharteak errefuxiatuen krisiaren aitzakiarekin bizi duen militarizazioa izugarria izan dela salatu dute HGL iniziatibako kideek, “halako uharte txikian [20 kilometro koadro ditu] hamaika radar, azken teknologiako tresneria… Izugarria da bertan dagoena”.
Asko ikasita eta asko entzunda, aurreiritzi asko bidean utzita, eta hunkituta ere heldu dira Lampedusatik: “Marrazki bat ikusi genuen elkarte solidario batean ari zen mutil batek egina. Telefonoz ari zen mutila azaltzen zen. Egileak esan zidan etorkin bat zela. Lampedusara heldu bezain pronto etxera deitu zuen eta, ‘ama bizirik nago’ esan zuela. Horrek izugarri hunkitu ninduen”.
Etorkinaren definizio zehatza ere egin dute: “Bizitzaren alde borrokatzen duen pertsona da etorkina. Ez diegu mesederik egiten, guk jasotzen dugu mesedea, munduan milioika pertsona ari direlako erakusten zer den bizitzaren alde borrokatzeko egiteko prest daudena, bidean izugarrizko infernua pasa behar badute ere”.
Hitzaldiak
Harresirik Gabeko Lurraldeak webgunean idazten eta irudiak biltzen, ikuspegi kritikoa lantzen jarraituko dute iniziatibako kideek. Baina harago joan eta sarea sortzea dute orain helburu, “ikuspegi kritikoa duen jendea bildu nahi dugu sare horretan eta Mikelazulok parte bat izan nahi du hor”.
Horren harira, tokian tokiko errefuxiatuekin lanean ari diren pertsonak ekarri nahi dituzte herrira bertan esperientziak parteka ditzaten, ikusten dutena, bizi dutena, entzuten dutena… konta dezaten eta ikuspegi kritiko hori eraikitzen laguntzeko. Erabat zehaztu gabe badago ere zeintzuk izango diren parte hartzaileak, azaroaren 21etik 27ra hitzaldiak egingo dituzte eta bertan parte hartzea nahi dute Askavusako kideak (Lampedusako elkartea), Hendaiako Atzerritarrak Barneratzeko Zentroaren inguruan lanean ari direnak, Melillako talde solidario bateko kideak, Grezian lanean ari den elkarte bateko ordezkari bat, eta Calaisen (Frantzia) ari den norbait. Hitzaldi horiek Herrien Astearekin paraleloki antolatuko dituzte, beraz, hitzaldiez gain ekitaldi kulturalak ere egingo dituzte.
Diru bilketa ez dute ahaztu, eta elastikoak 15 euroan eros daitezkeela gogorarazi dute. Mikelazulon saltzen dituzte.