Conchi Sanchez eta Antonio Prior errepublikazaleak, eta Izaro Ibarguren eta Anatz Elizondo kirolari gazteak, bi belaunaldi erabakitzeko eskubidearen alde.
Ibarguren, Sanchez, Prior eta Elizondok Demoarsoren giza katearekin bat egin dute.
Demoarsok iganderako deitu duen giza katearekin bat eta erabakitzeko eskubidearen alde egin dute Antonio Prior eta Conchi Sanchez errepublikazaleek, eta Izaro Ibarguren eta Anatz Elizondo gazteek. Igandean Errenteria-Oreretako Zumardian gertatuko dena irudikatu dute ontzia eta bozka esku artean hartuta laurek. Prior eta Sanchezek 90 urte dituzte. Sanjuandarra da Sanchez eta etxetik ihes eginda ama eta anai arrebekin Gernikako bonbardaketa bizi izan zuen. Bartzelona eta Frantziara joan ziren ondoren eta 13 urte zituela itzuli ziren berriz ere Donibanera, baina bi urtean dena galduta zuten, baita etxea ere.
Prior, 4-16 urte arteko beste milaka haur eta gazte bezala La Habana itsasontzian sartu eta Sobiet Batasunera eraman zuten gerratik ihesi. 1956an itzuli zen Donostiara, eta 1959an Errenteriara etorri zen bizitzera. Gaur egun errepublikaren alde borrokatzen jarraitzen du.
Ibarguren eta Elizondok, 16 urte dituzte. Martxoaren 19ko herri kontsultan izango dute lehen aldiz bozkatzeko aukera. Ereintza eskubaloi taldean jokatzen du lehenak, eta Realean bigarrenak. 70 urteko tartea dute Prioir eta Sanchezekin, baina gaur bat egin dute erabakitzeko eskubidearen alde.