Erabakirantz giza katea
Kaleko mobilizazioei dagokionez, Demoarsoren lehen erronka erraldoia etzi izango da. Pasaiako badia 10.000 herritarrez inguratzea ez da izango iniziatibaren helburu bakarra. Erabakirantz giza katea

Honakoak lekukoak, bozka eta hautetsontzia, eramango dituztenetako batzuk dira. Joan den ostegunean Oiartzunen agerraldia egin zuten.
Hasieratik bukaerara, esanahiz betetako ekitaldia
Itsasoan hasiko da giza katea, eta Errenteriako Gamon Zumardian bukatzen den arte mezu asko partekatuko ditu
Etzi, herri baten nahiaren berri emateko bilduko dira milaka herritar. Erabakitzeko eskubidearen aldeko mezuak batez ere goizetik eguerdi parteraino emango dituzte. Bazkalostean iritsiko da bestelako gozamenerako garaia. Itsasoan hasiko da giza katea. Albaolako bi ontzitan giza katean eskuz esku ibiliko diren hautetsontzia eta bozka Pasaiako badiaren alde banara eramango dituzte, 11:45ean: San Pedroko Torreatzera eta Donibaneko Santiago plazan utziko dituzte bi testiguak, eta han harrera egingo diete. Orduan hasiko da giza katea, 12:00ak inguruan. Hori bitartean, eskualdeko arraun elkarteetako bost traineruk Gure Esku Dago-ren logotipoa, eskua, egingo dute itsasoan. Pasaiako badiaren alde banatik joango dira hautetsontzia eta bozka, lekukoak eramateko hautatuak izan direnek eramanda: herri bakoitzeko pertsona ezagun edo esanguratsuak izango dira, jada osatuta egongo den giza katearen ondoan bi elementu horiek eramango dituztenak. Horrela, tramoz tramo (85 dira orotara; 140 inguru lekuko eramale), Errenteria Oreretako Gamon Zumardiraino. Ekitaldia 13:00ak aldera iritsiko dira bi lekukoak bukaerara, bat egingo dute biek Gamon Zumardian: bozka hautetsontzian sartuko dute, demokraziaren ariketa oinarrizkoena sinbolizatuz. Bertako karpan ekitaldia egingo dute. Demoarsoko kideek hitz egingo dute, baita herritarrek ere; ez da ekitaldi luzea izango iniziatibako kideek esan dutenez. Hizketaldietan garrantzia berezia emango diete adinekoei eta gazteei, emakumeei eta gizonei, iraganari eta etorkizunari. Horren ondoren jaiari tartea zabalduko diote Errenteria-Oreretan.Bi belaunaldi, eskubide bakarra
Demoarsok iganderako deitu duen giza katearekin bat egin eta erabakitzeko eskubidearen alde egin dute Conchi Sanchez eta Antonio Prior eta errepublikazaleek (erdian), eta Izaro Ibarguren eta Anatz Elizondo gazteek (alboetan). Atzo egin zuten agerraldia, irudikatzeko erabakitzeko eskubideak ez duela adin mugarik. Sanchez sanjuandarra eta Prior errenteriarra frankismoaren errepresioaren ondorioz erbestera joandakoak izan ziren, urte luzez bizi izan ziren sorterritik kanpo; egun 90 urte dituzte. Ibargurenek eta Elizondok 16 urte dituzte: martxoaren 19an eman ahal izango dutez lehenengoz botoa.
Giza katearen ondorengoak bide orrian daude
2017ko matxoaren 19ko herri galdeketa arteko bidean lau mugarri ezarri ditu Demoarsok. Lehena etziko giza katea da. Baina aurrerago egin beharrekoak ere zehaztuta dauzka iniziatibak.
Azaro bukaeran, herriz herri, kontsultarako galdera adosteko bidea hasiko dute, prozesu parte hartzaile baten bitartez. «Erronka izugarri hau posible egiteko boluntarioak lortu eta aktibatuko ditugu, bozkalekuak zehaztu, eta galdeketak egiteko lantaldeak osatuko ditugu besteak beste». Herri bakoitzak bere galdera erabakiko du.
Gabonak pasata, herri galdeketaren gaineko aurrekanpainari ekingo dio Demoarsok. Etxez etxe informazioa emateko asmoa dute iniziatibako ordezkariek; denei eman nahi diete informaziorako eskubidea.
Otsailean iritsiko da herri galdeketarako kanpaina. «Erabakira eramango gaituen kanpaina herritarra izango da», esan du Demoarsok.

