Selahattin Demirtas HDP alderdiaren presidentea.
Errenteria-Oreretako EH Bilduk elkartasuna eta hurbiltasuna adierazi dio Kurdistango herriari. HDP alderdiko hamabi legebiltzarkide eta alderdi horretako presidente diren Selahattin Demirtas eta Figen Yüksekdagen atxilotu ditu bart Turkiako poliziak eta horren harira, adierazpena egin du koalizio subiranistak.
Gogora ekarri du urriaren 25ean Amed/Diyarbakirreko udaletxea okupatu zuela Turkiako poliziak, eta 2014ko martxoan demokratikoki alkate eta alkate orde aukeratu zituzten Gültan Kisanak eta Firat Anli atxilotu zituztela. Atxiloketak Turkiako Gobernuak Kurdistanen aurka daraman jazarpen eta eraso armatuaren testuinguruan kokatu ditu EH Bilduk: “Turkiako Estatuak egin dituen beste alkategaien destituzioak eta atxiloketak, eta herritar kurduen aurkako politika eta oinarrizko eskubideen urraketa sistematikoen barruan ulertu behar da”.
Atxiloketak “kezkaz” bizi dituela koalizioak gaineratu du, “eta baita Turkiak herri kurduaren aurka daraman jazarpena ere”, eta horrenbestez, errespetua exijitu dute hautetsi eta herri kurduak demokratikoki hartzen dituen erabakientzako: “Zinez uste dugu printzipio demokratikoei eta herrien eskubideen errespetuak soilik bermatu dezakela egonkortasun justu bat eta herri ezberdinen arteko elkarbizitza”.
Errenteria-Orereta eta Kurdistanen artean zubiak eraikitzeko gonbidapena egin die herritarrei koalizioak, eta Euskal Herria eta Kurdistanen arteko “elkartasun eraldatzailea sustatzeko” konpromisoa hartu du.