Maiatzaren lehena kalean ezarriko dute zaintza, hondakinen udal ordenantza toki zehatz horretan "modu jarraituan" urratzen delakoan.
Pasaiako Udalak ohartarazi du Maiatzaren Lehena kalean, Blas de Lezo kalearen izkinan, edukiontziak dauden lekuan zaintza jarraitua ezarriko duela. Puntu horretan hiri-hondakinen udal ordenantza behin eta berriz urratzen dela dio udalak, eta hortaz, isunak jartzen hasiko direla ohartarazi dute.
Udalaren arabera, udalerri osoan soilik gune horretan urratzen da ordenantza. “Puntu horixe da bakarra udalerrian non, modu jarraituan, etengabe, hondakinak bide publikoan uzten diren, nahiz eta aski leku badagoen hondakinak edukiontzietan uzteko”, nabarmendu dute
Hondakinak edukiontzietatik kanpo uzten dituztenen erruz, “udalerriaren itxura itsustua gertatzen dela” iritzi dio udalak, eta inguruko herritarrek egin dituzten kexa ugariei erantzun asmoz, aipatutako puntua bereziki zaintzeko erabakia hartu dutela iragarri dute.