Ikus-entzunezkoen esparruan euskaraz eginiko lanen aitortza gisa emango dio saria Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Jose Mari Goenaga, Moriartiko kidea, iaz Oscarretarako izendapena lortu berri.
Trintxerpeko zine ekoiztetxea sarituko du aurten Gipuzkoako Foru Aldundiak Anton Abadia sariarekin, epaimahaia aho batez hala erabakita. Bere ibilbidean euskarari egindako ekarpenaren aitortza gisa jasoko dute saria Moriartiko kideek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik. Abenduaren lehenean egingo dute saria emateko ekitaldia, 19:00etan, aldundiaren egoitzan.
Euskararen alde eginiko lanagatik nabarmendutako pertsona nahiz elkarteak saritzen ditu foru aldundiak Abadia sariaren bidez. Askotariko esparruetan aritutakoak izan dira orain arte sarituak, eta, aurten, ikus-entzunezkoen arloan euskara sustatzeagatik jasoko dute saria Moriarti Produkzioek.
Jon Garañok, Xabier Berzosak, Aitor Arregik, Jose Mari Goenagak, Asier Atxak eta Jorge Gil Munarrizek osatzen dute egun Moriarti Produkzioak etxeko lantaldea. Euskarazko hamaika film errodatu dituzte urteotan: besteak beste,
80 egunean, eta
Loreak. Jaialdiaren historian Sail Ofizialean Urrezko Maskorra lortzeko lehiatu zen euskarazko lehen filma izan zen
Loreak, eta ibilbide oparoa egin zuen nazioarteko beste hainbat festibaletan ere,
Oscar sarietarako hautagaitzako lehian egoteraino. Orain, Arregiren eta Garañoren zuzendaritzapean,
Aundiya filmean ari dira lanean.
Saria oiartzuar batek sortuko du
Arantxa Urretabizkaiak, Maite Artolak, Iban Arantzabalek, Jone Miren Hernandezek eta Kike Amonarrizek —iazko Abadia sariaren irabazleak— osatu dute aurten epaimahaia, eta aho batez erabaki dute Moriarti Produkzioak saritzea.
Garaikur modura, artelan bat jaso ohi dute sarituek. Urtero, artista gazte bati eskatzen diote garaikurra egin dezala, eta aurten, Izaskun Alvarez artista oiartzuarrak egindako artelana jasoko dute Moriarti Produkzioak etxekoek.