Mende laurdena bete du aurten Landarbaso abesbatzak. Emanaldi eta proiektu sorta antolatu ditu horren harira, baina biharkoa, «ekitaldi instituzional garrantzitsuena» izango da.

Ion Collar Kultura zinegotzia, Txema Arenzana liburuaren egilea, eta Iñaki Tolaretxipi Landarbasoren zuzendaria. Argazkia: Carrera.
Hogeita bosgarren urteurrena ospatzen ari da aurten Landarbaso abesbatza, eta ospakizunen barruan, Landarbaso 25! proiektua aurkeztuko du abesbatzak bihar Fatimako Andra Mariren elizan, 20:00etan.
Abesbatza izanik, goi mailako musikarekin jantzi dute «urteurrenaren ekitaldi instituzional garrantzitsuena izango dena», Iñaki Tolaretxipi zuzendariaren esanetan. Baina baita hitzekin ere. Izan ere, kontzertuaren barruan Landarbasoren urte luze hauetako ibilbidea biltzeko Txema Arenzana errenteriarrak idatzi duen liburua aurkeztuko dute. Landarbaso 25 urte liburua aurkeztu eta berehala jarriko dute salgai hamabost euroan, bihar bertan.
Gainera, Landarbaso 25! proiektuaren barruan Kontari egitasmoa aurkeztuko du abesbatzak jendaurrean. Landarbasoren barruko talde horrek zabalduko du kontzertua. Aurtengo urrian jarri zuen abesbatzak martxan Kontari, 9 eta 13 urte arteko gazteak biltzen dituen abesbatza, eta lehen aldiz abestuko du publikoan. Haientzat, beraz, publiko aurreko estreinaldia izango da. Baina ez emanaldiko bakarra, ordea. Josu Elberdin konpositoreak emanaldirako espresuki sortu duen Te Deum obra estreinatuko duelako bihar Landarbasok: «Hiru abesbatza eta pianoarentzat idatzitako obra da, eta Landarbasotik pasatu diren 260 abeslari ohietako batzuk eramango dute oholtzara. Gaur egungoa izango da abesbatza nagusia, eta harekin batera arituko dira Landarbasoren lehenengo urteetako abeslariak (1991-2003), eta bigarren aldikoak (2004-2015)».
Kontzertuaren bigarren zatian John Rutterren Magnificat lana entzun ahal izango dute bertaratzen direnek. Obra osatzen duten zazpi mugimenduetatik bost abestuko dituzte, eta Miren Urbieta soprano bakarlariarekin batera, Oier Etxaburu pianista, Kaabestri Ensemble —Euskadiko Orkestra Sinfonikoko kideek osatua— eta emanaldirako bereziki etorritako beste instrumentistak arituko dira .
Biharko emanaldian Landarbaso osatzen duten kide guztiek abestuko dute, beraz: Kontari abesbatzak, gazte taldeak eta Landarbasok.
Emanaldia EITBko kazetari Juan Carlos Etxeberriak aurkeztuko du, eta sarrerak dagoeneko salgai daude 7 euroan Niessen Kulturguneko leihatilan gaur 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, eta bihar 10:00etatik 13:00etara. 12 urte arteko haurren sarrerek hiru euro balio dute. Emanaldia baino ordubete aurretik ere eros daitezke sarrerak Fatimako Andra Mariren elizan bertan.
Biharkoa, orain arte abesbatzak mende laurdena ospatzeko antolatu dituen ekintzetako bat gehiago da, baina ez azkena. Programatuta dauden jardueren artean, Gabonetan kontzertu solidarioa egingo du Landarbasok, eta horrekin batera, gaur egun arte taldeak izan duen ibilbidea azalduko duen erakusketa ere egingo dute.
Bi disko aurten
Urteurrenaren harira, hainbat ekintza egin ditu urtean zehar Errenteria-Oreretako abesbatzak. Konplize ditut eta… diskoa aurkeztu zuen joan den martxoan adibidez. Mikel Markezen kantuaren izena hartu zuten diskoarentzat. Hamar kanturekin osatu zuten, eta pista bakoitzean konplize bat izan dute. Markezekin grabatu zuten lehen abestia, eta Golden Apple Quartet, Iñaki Salvador, Amaia Zubiria, Amets Arzallus, eta Xabi Solanok ere hartu zuten parte, besteak hainbaten artean. Martxoaren 5ean aurkeztu zuen diskoa Landarbaso abebatzak Donostiako Viktoria Eugenian.
Horrekin batera, Munduan 1 eta 2, Ez Dok Hamahiru, eta San Inazio Eguneko kontzertu berezia egin ditu aurten abesbatzak, eta Donostiako Musika Hamabostaldian ere parte hartu du.
Lehenengoz, gainera, ikus-entzunezko proiektua egin zuen apirilean. Landarbaso munduan izeneko proiektu horretan 25 urteko ibilbidea bildu zuen abesbatzak. Munduan barrena ezagutu dituzten musikari eta abesbatzetako hainbat kideren parte hartzea izan zuen proiektu horrek.
Urte hasieran, berriz, ahotsa jarri zion abesbatzak Fernando Velazquez soinu banden konpositore bizkaitarraren Concert suits, musics for films disko berriari.
Landarbasoko kideek herritar guztiak animatu dituzte biharko kontzertuan parte hartu eta mende laurdena beraiekin ospatzera, «emanaldi polita izango da eta Kontari abesbatza lehen aldiz entzuteko aukera izateaz gainera, emanaldirako espresuki sortutako lanarekin gozatuko dute».
Hogeita bost urtean, 483 kontzertu, eta hamalau sari
Landarbaso abesbatzak mende laurdenean ibilbide oparoa izan du. Errenteria-Oreretako abesbatzak 483 kontzertu egin ditu urte luze hauetan: Gipuzkoan eta Europako hamar herrialdetan izan da abesten, baita Amerikan eta Asian ere. Ibilbide horretan Espainiako Estatuan lau sari eskuratu ditu beste hainbeste lehiaketetan, eta beste herrialdetan hamalau gehiago. Kontariren, gazte taldearen eta Landarbasoren artean 106 kidek osatzen dute proiektua.