Herrien Astea abiatu du gaur Mikelazulok. Grezia eta Lampedusan migranteekin izandako esperientzietaz mintzatu dira ikuspegi kritikoa zabaltzeko.
Goian Eskuinetik hasita bigarrena Efstanthiou, eta bere ondoan D’ Ancana eta Sferlazzo, eta Harresirik Gabeko Lurraldeak iniziatibako hainbat kide.
Herrien Astea gaur hasi du Mikelazulo Kultur elkarteak, eta horren harira gosari-solasaldia egin du goizean. Migrazioaren gaineko ideiak apurtzera dator astearen 22. edizioa, baina batez ere, elkartasun eraldatzailearen bidea hastera. Harresirik Gabeko Lurraldeak iniziatibako kideak Lampedusa Uhartean (Italia) izan ziren udan errefuxiatuen krisia bertatik bertara ezagutzeko, ikusi eta entzuteko, ikasteko eta bertan jasotako hura guztia zabaltzeko. Bidea egiten jarraitu nahi dute norabide horretan, eta gaur Greziako eta Lampedusako egoera lehen eskutik ezagutzen dituzten Giacomo Sferlazzo eta Annalisa D’ Ancana Askavusa (hanka hutsik) kolektiboko kideak eta Greziako Lesbos Uharteko hiriburua den Mitiliniseko bizilaguna den Grigoris Efstanthiou mahaiaren bueltan eseri dituzte esperientzia kontatzera.
Solasaldi horretan herritarrekin batera, udal ordezkariak izan dira: Julen Mendoza alkatea; Itziar Ostolaza, Garazi Lopez Etxezarreta eta Nagore Basurto zinegotziak; eta baita Samira Goddy Kultur Aniztasuna Elkarlanaren Garapenerako eta Giza Eskubideen azpisaileko teknikaria ere. Izan ere, migrazioaren aurrean instituzioek jokatzen duten papera aztertu dute.
Mikelazulo kultur elkarteak eztabaida sakona bideratu nahi duela gaur hasi eta larunbatera bitartean izango diren jardunaldien bidez esan du Joseba Barriolak, eta helburu argi bat dutela, “migrazioaren ideiak apurtzea elkartasun eraldatzailearekin”. Gizartean migranteen gaineko bi iritzi daudela nabarmendu du: “Ikuspuntuetako bat xenofoboa, arrazista eta islamofoboa da. Migranteak mehatsua dira horientzat, lana lapurtzera datozela diote. Bigarren ikuspuntuak gizarajo gisa ikusten ditu migranteak, ia objektu bezala. Humanitarismo ikuspuntua da, baina ez badu aurrera egiten, sustraian dagoen arrazoia eta eztabaida galdu egiten da. Guk pentsatu nahi dugu, gogoeta egin, elkartasun eraldatzailearen ildoan sartu eta saretu”.
Lampedusa eta Greziako esperientziak ezagutzea izan du helburu goizeko jardunaldiak, baina baita guztien arteko gutxiengo batzuk adostea, “Errenteria-Oreretatik zer egin daiteken erabaki eta adostu nahi dugu, konponbidean parte hartu. Europako gizartea garen neurrian, errefuxiatuen krisian ardura handia dugulako”, esan du Beñat Irasuegi Harresirik Gabeko Lurraldeak iniziatibako kideak.
Lehenengo lehorreratzea 1992an Lampedusan
Askavusa kolektiboko Sferlazzok Lampedusan migranteen krisiak izan duen garapena eta egungo egoera azaldu ditu. Horretarako, nazioarteko esperientziara jo du, “ezin baita esperientzia lokala nazioarteko esperientziatik bereizita ulertu”. Europako batasunaren sintoma da Lampedusakoaren iritziz migrazioa, “Europako hainbat herrialde merkatu kapitalista garatzen hasi zirenean eta batez ere Schengen Itunarekin barne mugak desagertu eta kanpo mugak sortu zituztenean. Kanpo muga hori berehala militarizatu zen”.
2004an Frontexa sortu zuten (Kanpo mugak kontrolatzeko agentzia) are gehiago militarizatu zirela mugak esan du Sferlazzok, eta horrek estatu-nazioei subiranotasuna kendu ziela, “izugarria izan da Europako herriengan militarki, migrazio politikan eta politika ekonomikoan izan duen eragina”.
Migranteak lehenengoz 1992. urtean lehorreratu zirela Lampedusa uhartean gaineratu du, 1990 onartutako Martelly inmigrazioaren gaineko legea onartu eta bi urtera, “Italiak lege hori Schengen itunan sartzeko egin zuen”. Une hartara arte estatu batetik bestera bidaiatzen zuten pertsonei jatorrizkoan ematen zieten baimena, legea indarrean sartu ahala, ordea, harrera herriak erabakiko du bidaiariak bertan sartzea izango duen edo ez. Araudi horiek guztiek ondorioak izan dituztela argi du: “Lehena, mugen militarizazioa izan da; bigarrena, bi langile mota sortu dituela: bata komunitarioa eta Europako estatuetan barrena arazo handiegirik gabe mugitu daitekeena, beti ere Schengen eremuan. Langile hauen egoera prekarioa da. Bestea, Europako Batasun kanpotik datozen langileek osatzen dutena da. Dokumentaziorik gabekoak, irregularrak, Atzerritarrentzako Harrera Zentroetatik pasa behar dutenak, esplotatuak direnak. Gure esperientziaren arabera ikusi duguna da, alderdi politiko guztiek neurri batean edo bestean, bi langile mota hauek elkarren kontra jartzea izan dela”.
Lampedusa Europako politiken saiakera gune izan dela argi du eta baita uharteak urte luze hauetan paper zentrala izan duela, “NATOren puntu zentrala izan da”. Agertoki mediatiko ere bihurtu dutela uhartea esan du, “batez ere, 2013ko urriaren 3ko tragediaren ondotik”. Egun hartan 366 migrante hil ziren itota Mediterraneoan Lampedusara bidean, “gertaera larri horrek balio izan zion Europari Eurosur agentzia onartzeko (kanpo mugak kontrolatzeko beste agentzia bat da sistema garatuenak eta punta puntako teknologia erabiltzen dituena)”.
Mikelzulok antolatutako Herrien Astearen barruko gaurko gosari solasaldia.
Lampedusako administrazio lokalarekin harreman guztiak etenda ditu Askavusa kolektiboak 2013az geroztik, “uste dut udalak ez duela inongo botererik migrazio politiken gainean eta susmoa dut Italiako estatuak ere ez duela”. Instituzioak jendez eta proiektuz bete behar direla esan du.
Lampedusarrak presio horren hartzaile eta beraz kaltetuak direla argi du gainera Askavusa kolektiboko kideak, “bi egoera sortu ditu horrek, batzuk elkartasuna adierazi diete migranteei eta besteak berriz, intolerante azaldu dira gaiarekiko”. Sferlazzok bi galdera utzi ditu airean, gogoetarako: “Zergatik ihes egin behar du jendeak bere herrietatik eta zein da Europaren papera honetan guztian, gudetan, esklabismoan? Zergatik errefuxiatu edo migranteek ezin dute hegazkin txartel bat erosita bidaiatu eta 15.000 euro ordaindu behar dituzte infernu bihurtzen diren 2 edota 4 urteko bidaiak egiteko?”.
360.000 errefuxiatu iazko udan
Efstanthiouk ez du Grezian migranteekin lanean ari den inongo kolektiboetan parte hartzen, baina lan egiten duen tabernan, eremu horretan lan egiten duen Musaferat kolektiboko kideak biltzen dira maiz. Musaferatek errefuxiatuei harrera egiten die, eta Atzerritarrak Barneratzeko Zentroen aurkako borroka egiten du. Egungo egoeraz mintzo da Lesbos uhartearen hiriburuan bizi den greziarra. 2015eko udan masiboki heldu ziren uharte hartara migranteak, “360.000 pasa ziren uhartetik, gehienak siriarrak, irakiarrak, afganoak, eta magrebiarrak”. Argi du pertsona horien guztien helburua Greziatik alde egitea dela, “krisiak jota dago herria, eta ez ditu bizitza duina eskaintzeko baldintzak betetzen”.
Gaur egun eremuak eraiki dituztela migranteak hartzeko esan du, “espazio horiek militarizatuta daude erabat”. Adibide gisa, Moriako kanpalekua aipatu du, “garai bateko kanpaleku militarra da, eta bertara uhartean harrapatuta gelditu den jende gehiena bideratu dute, gizonak eta helduak dira gehienak. 3.000 dira guztira egun eta poliziak kontrolatuta daude”. Gobernuz Kanpoko Erakundeetako hainbat kidek, abokaturen batek eta medikuren batek baino ez dutela bertara sartzerik salatu du. Halere Gobernuz Kanpoko Erakundek eta hainbat eragileek horiek baina eremu egokiagoak eta atseginagoak eraiki dituztela esan du errefuxiatuak hartzeko. Horrekin batera adin gabeentzako harrera etxeak ere badira Lesbos uhartean.
Espazio horien barruan izan daitekeen tentsioa ez dela egunerokoan hirian sumatzen esan du, kontrolatuta daudelako, baina portu aldera hurbilduz gero Pireora doan ferrya irtetear dagoenean ohikoa omen da alde egiteko intentzioa duen jende askorekin topo egitea.
Greziako erakundeek gaiaren gainean duten jarrera eta jokatzen duten papera hutsala dela esan du greziarrak, “ahul dago Grezia, krisian murgilduta, arazo administratiboekin eta zailtasun horiei aurre egiteko gaitasunik ez dauka”.
Kios Uhartean joan den astean bertan liskarrak egon zirela aipatu du bestalde, “badirudi Atzerritarrak Barneratzeko Zentroa erasotu zutela harrika eta molotov koktelekin eta barrukoek erantzun egin zutela erasoa. Kanpalekuko hainbat jende atxilotu zuen poliziak eta horrek ondorioak izan ditu”.
Udalean, dagoeneko lanean
Nagore Basurto Kultur Aniztasun, elkarlan garapenerako eta giza eskubideen azpisaileko zinegotziak traba ugari topatzen direla bidean nabarmendu du. “Herritarren aldetik laguntzeko borondate handia aurkitu dugu errefuxiatuen krisiaren aurrean, udalak hainbat batzar ireki egin zituen, eta aldundiarekin, CEAR edo ACNUR bezalakoekin hitz egiten saiatuta koordinazio falta handia dagoela ohartu ginen”. Atzerritarren legea izan dela oztoporik handiena nabarmendu du Basurtok. Ildo beretik mintzatu da Goddy, udal teknikaria, “jendea badugu errefuxiatuak hartzeko prest, baina ez dira iristen”.
Udala elkarte eta eragileekin batera asistentzia arloa eta aniztasun politikak lantzen ari dela esan du Mendozak. Alkatearen iritziz, “egiten dugunarekin maila ematen ari garela uste dut”.
Iritsi, iritsi omen da bat edo beste, baina bertara heltzen den jendeak ez du jotzen udalera ezta honen zerbitzuetara ere, bertatik pasatzen dira, baina familiak beste herrialdeetan dituzte eta hara heldu nahi dute. Atzerritarren legearen arabera, Errenteria-Oreretara heldu eta erregistratuz gero ezingo lukete errefuxiatuek bertatik atera.
Egoera konplexua aterabide konplexuagoa duena, gainera. Gaurko gosariak begirada kritikoago batekin ingurua behatzeko aukera emango du, eta bihar gainera segida izango du. Humanitarismoaz harago joan nahi dute bihar Herrien Astearen egitarauaren barruan, eta aurrera begirako sareak josten eta konplizidadeak sortzen saiatuko dira SOS Arrazakeria, Zaporeak, Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeekin eta 10:30ean Mikelazulora hurbiltzen den ororekin. Mikelazulon behintzat, hasi dira hausnartzen, gogoetatzen, ezbaian jartzen… elkartasun eraldatzailea sustatzen.