Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna da azaroaren 25a, ostirala, eta horren harira hainbat jarduera antolatu dituzte emakume taldeek.
Antxoko iazko elkarretaratzea.
Bi elkarretaratze izango dira ostiralean Pasaian, Trintxerpen bata eta Antxon bigarrena, biak 19:00etan eta biak Pasaiako emakumeek antolatuta. Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna da azaroak 25a, eta datarekin bat eginez antolatu dituzte kontzentrazioak Pasaiako emakumeek, “aski dela” aldarrikatzeko. Zumardian izango da Antxoko elkarretaratzea, eta alkateordetzan Trintxerpekoa.
Horrez gain, eta aldarrikapen beraren bueltan, bestelako jarduerak iragarri dituzte datozen egunetarako. Hilaren 24ean, esaterako,
Munduko emakumeak indarkeria matxistaren aurka, emakumeak eta aniztasuna lelopean, jatorri askotariko emakumeak elkar ezagutzeko
topagunea izango da Trintxerpeko alkateordetzan, 17:30etik aurrera. Saioa Beatriz Zalakainek dinamizatuko du.
Beldur barik topaketara irteera
Pasaiako Udalak gazte eta nerabeen artean indarkeria matxista prebenitzea helburu duen
Beldur Barik programan parte hartzen du. Aipatu programaren barruan urtero topaketa bat antolatzen da eta aurtengoa larunbatean da (hilak 26), Urdulizen, Uribe Kostan. Hara joateko autobus zerbitzua antolatu du Pasaiako udalak, gazteentzat, doan.
Beldur Barik Topaketan aurtengo lehiaketako saridunak emango dituzte ezagutzera –
iaz gazte pasaitarrek irabazi zuten– eta bide batez, indarkeria sexistaren kontrako borrokan dabiltzan iniziatibak, talde eta pertsonak elkartuko dira.
Hitzaldia eta bakarrizketa
Urte osoan zehar indarkeriarik gabeko bizitzaren aldeko emakumeak biltzen dituen autolaguntza taldea hilaren 23an eta 30ean elkartuko dela gogorarazi dute, bide batez, Pasaiako Udaleko Berdintasun arloko arduradunek. Eskualdeko emakume guztiei zabalik dagoen taldea da eta asteazkenero biltzen da, Errenteria-Oreretako Merkatuzarren, 17:30etik 19:30era.
Hitzaldi bat ere antolatu dute, hilaren 29rako, indarkeria matxistari aurre egiteko baliabide sozial eta juridikoen gainean. Trintxerpeko alkateordetzan izango da, 17:00etan eta Ana Lopez izango da hizlaria.
Abenduaren 3an, azkenik, Pamela Palencianoren
bakarrizketa izango da,
No solo los golpes duelen izenburupean. 18:30ean izango da, Trintxerpeko alkateordetzan.
Egitaraua