Europak DUSI laguntzak ukatu ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak Badia biziberritzeko Plan Integrala birplanteatu du eskualdeko udalekin elkarlanean.
Iñigo Urkullu lehendakaria buru, erakundeetako ordezkariak, kaiko Herreran.
Aldundiak, Lurralde antolaketako Departamentuaren bitartez, bi milioi euro baino gehiagoko diru laguntzak emango ditu Pasaiako Badia Biziberritzeko Plan Estrategikoaren barruan. Hala iragarri du gaur goizean departamenduko buru Marisol Garmendiak. Pasaiako Udalak etzirako deitu du prentsaurrekoa, gai beraren harira (Abenduak 1, 11:00etan, Arizabalon).
Diru laguntzei bide emanez, aldundiak biziberritzerako premiazkoak diren jarduerei hasiera ematea ahalbidetu nahi die Oarsoaldeko udalei. Izan ere, Europak
DUSI diru laguntzak ukatu ondoren, aldundiak biziberritzerako proiektua berrikusi behar izan baitu. Zentzu horretan, gaurko agerraldian aldundiak hartutako konpromisoak berretsi ditu: “Bere garaian Pasaialdearen biziberritze integralerako konpromisoa hartu genuen eta diru laguntza hauekin konpromiso hori berresten dugu”.
Udalekin adostuta
Marisol Garmendia diputatuaren hitzetan, udalekin adostu dute diru laguntza zertan inbertitu eta nola banatu. Zehatu duenez, aldundiak aurrekontu osoaren %85 hartuko du bere gain, eta gainerako %15 (369.129 euro) udalek jarriko dute.
Laguntzen banaketa, berriz, “beharren araberakoa” egin dutela nabarmendu du eta ondorengo kantitateak zehaztu: 906.865 euro Errenteriarentzat; 260.656 euro Lezorentzat, 261.715 euro Oiartzunentzat eta 662.497euro Pasaiarentzat.
Biziberritze jarduerei jarraipena emateko, azkenik, Foru Aldundiak 2017ko aurrekontuetan badiaren biziberritze integralerako 8 milioi euro aurreikusi dituela iragarri du Garmendiak.