Errenteria-Oreretako ingurumena hobetzeko lanean ari diren gizarte eragileei zuzendutako diru laguntza emateko epea zabaldu du udalak.
Abenduaren 30era bitartean egin daiteke eskaera.
Errenteria-Oreretako ingurumena hobetzeko lanean ari diren gizarte eragileei zuzendutako diru laguntza emateko epea zabaldu du udalak. Eskaerak egiteko epea gaurtik hasi eta abenduaren 30era izango dute interesdunek. Laguntza eskaera egiteko prozedura aldatu du aurten udalak, eta beraz, eskaera orriarekin batera aurkeztu behar diren agiriak ere aldatu egin ditu.
Iraunkortasuna, ingurumena, landa-garapena, natura-ondarea eta Tokiko Agenda 21 landu beharko dituzte esakera egiten duten proiektuek, eta aipatutako arlo horietan honako jarduerak egin behar dituzte: Dibulgazio kanpainak eta azterlanak; bioaniztasuna, energia, hondakinak, kutsadura edo landa-garapenarekin lotutako ekintzak; jardunaldiak, topaketak eta tailerrak antolatzea; herritarren parte hartzea, garapen iraunkorra ezartzea, eta Agenda 21en helburuak eta bere ekintza plana sustatzen duen jarduerak; eta azkenik, ordenantza honen lehenengo artikuluan ezarritakoarekin bat datozen bestelako jarduerak.
10.000 euroko diru zatia bideratu du Ingurumen sailak horretarako, eta proiektuak aurkezten dituzten elkarteek ezingo dute 5.000 euro baino gehiagoko laguntza jaso. Gainera, diru laguntza ez da inoiz izango aurkeztutako aurrekontuaren %80 baino handiagoa izango.
Aurkezten diren proiektuek 30 puntu lortu beharko dituzte gutxienez onuradunak izateko. Zalantzak argitzeko Ingurumen saileko 943 44 96 03 telefono zenbakira deitu dezakete interesdunek abenduaren 7tik aurrera 08:00etatik 14:00etara.