Errenteria-Oreretarentzat estrategikoak diren jarduerak erabakitzeko garaian gobernu taldeak ez diola PSE-EEri aukerarik eman esan du Rodriguezek.
Jose Angel Rodriguez, pozik azaldu da aldundiaren diru laguntza dela eta.
“Pozik”, hala azaldu da PSE-EE Gipuzkoako Foru Aldundiak
Pasaiako Badia Biziberritzeko Plan Estrategikoaren barruan bi miloi euro baino gehiago emango dituela jakin eta gero. Atzo eman zuen erabakiaren berri, Marisol Garmendiak Lurralde Antolaketako Departamentuaren buruak, eta Jose Angel Rodriguez Errenteriako alderdi sozialistaren bozeramaileak esker ona azaldu du erabakiagatik, “berriz ere gure eskualdearekin duen konpromisoa agerian utzi duelako”.
Diru horretatik, 906.865 euro jasoko ditu Errenteria-Oreretak zehazki. Errenteria-Oreretarentzat estrategikoak diren jarduerak erabakitzeko garaian gobernu taldeak ez diola alderdi sozialistari aukerarik eman gaineratu du Rodriguezek eta azken horren jarrera salatu du, “bere kabuz erabaki baitu diru kopuru hori zein proiektuetara bideratuko zuen, gainontzeko talde politikoei galdetu gabe. Jarrera hori etsigarria izan da, gure ustez gainontzeko alderdi politikoekin adostasuna lortzea oinarrizkoa delako”. Horren harira, Julen Mendoza alkateari “oposizioarekin elkarlanean aritzeko” eskatu dio.
Errenteria-Oreretak jasoko duen diru kopuruaren zatirik handiena irisgarritasun bertikalari zuzendutakoa dela nabarmendu du bestalde, Rodriguezek, “591.318 euro bideratuko dira horretara, oztopoak kenduko ditu goialdeko auzoetara sarbidea erraztuko duten igogailu berriak jarrita”.