Proiektuak ez du lortu udalaren txosten teknikoen babesa; Egoera desblokeatzeko negoziatzen ari direla esan du Izaskun Gomez alkateak.
Trintxerpe eta Herrerako topo geltokira arteko bidea, gaur egun, ez da bat ere segurua.
Lau Haizetara iragarri zituzten lanak, baina hondeamakinak geldirik daude oraingoz. Kaiko Herreran, portuaren sarrera-irteera biziberritzen hasteko lehen proiektuari
udazken honetan eman behar zioten hasiera. Baina zaharrak berri. Portu Agintaritza eta udalaren arteko desadostasunak tarteko lanak geldirik daude.
Proiektuan ez dituzte aurreikusi oinezkoentzako sarbideak, eta hori bakarrik ez, Portuak bere lurrak liberatzearen truke Pasaiako Udalak bere gain hartu ezin duen diru kantitatea eskatzen omen. Horiek horrela, proiektuak ez du lortu udalaren txosten teknikoen babesa, eta ondorioz, Herrerako topoko geltokia Trintxerperekin lotzeko urbanizazio lanak geldirik daude.
Plenoan, EH Bilduk salatuta
Lehengo asteko plenoan zabaldu zen berria, EH Bilduk salatuta, eta biharamunean berretsi zuten prentsa aurrean Izaskun Gomezek eta Nahikari Oterminek, aldundiaren laguntzen berri emateko agerraldian. Edonola ere, gaia bideratzeko negoziaketetan ari direla eta elkarrizketak bide onetik doazela nabarmendu zuten.
EH Bilduk gogor salatu zuen lehengo asteko plenoan udalak Portuaren Plan Bereziaren txostenaren alde bozkatu izana –plenoaren egun berean izan zen administrazio kontseilua, lehengo asteko asteartean, goizean-. Portu Agintaritzaren txostenaren alde bozkatuz “herritarren interesak” saltzea egotzi zion EH Bilduk gobernu taldeari.