Taldearen ustez, akordioaren bidea jorratzea ezinbestekoa da hondakinen gaian. Lezon Ondo Ai Gea larunbateko sinadura ekitaldian egongo da.
Abenduaren 3an herritar talde batek akordioa eskatu zuen hondakinen gaian.
Lezon Ondo Ai Gea taldeak bat egin du larunbatean (hilak 17), hondakinen gaiarekin akordioaren alde daudenen sinadurak biltzeko ekitaldiarekin.
Herritar talde batek abenduaren 3an hondakinen gaian talde politikoei akordiorako deia egin zien, eta horren harira antolatu dituzte larunbateko sinadura bilketa eta kalejira.
Taldearen ustez, 2016ko otsailean EAJk eta EH Bilduk
sistema mistoa ezartzeko egin zuten akordioa balioan jarri dute, esanaz hondakinen bereizketa mailan emaitza altua lortuko zela, eta azken urteetan aurrez aurre egon diren bi alderdiren arteko akordioa baloratzekoa dela, “zer zuen horrek txarra, Lezotik kanpoko interes partidisten ondorioz akordioa pikutara botatzeko?”.
Taldeak berretsi du Lezok, hondakinen gaian, epe luzerako sistema bat behar duela, “batez ere elkarbizitza laguntzen duten bideak jorratuz. EAJk eta EH Bilduk egin zuten akordioarekin horixe egin zen, eta uste dugu etorkizunean ere hori egin behar dela hondakinen arloan”.