Aldundiak eta Errenteriako Udalak lankidetza protokolo bat izenpetu dute Lekuona proiektuaren gainean zuten hitzarmena aldatzeko.
Lekuona fabrika.
Gipuzkoako Foru aldundiko Kultura Departamentuak eta Errenteriako Udalak erakundeen arteko lankidetza protokolo bat izenpetu dute, Lekuona fabrikaren birgaitze eta egokitzapen proiektuaren gainean 2012ko urriaren 2an izenpetutako lankidetza hitzarmena aldatzeko prozesua abian jartzeko.
Hitzarmena aldatuta, aldundiak eta udalak norabide berri bat eman nahi diote Lekuonaren proiektuari, azaldu dutenez, sorkuntza intelektual, teknologiko, artistiko eta zientifikoa bilduko dituen espazio bat eraikitzeko. Hala, sorkuntza liburutegi bat, erakusketa aretoa, eta hitzaldi edo topaketetarako, nahiz aisialdiko edo bestelakoetarako erabilera anitzeko espazioak bildu nahi dituzte Lekuonan. Lankidetza protokoloaren bidez, proiektuari jarraipena emango zaio, obrak geldituta daudelako uztailaz geroztik.
Bi erakundeen nahiak bateratzen dituen hitzarmenaren aldaketak, errenteriarrentzat kultur proiektua lehenbailehen amaitzea onuragarria izateaz gain, Pasaiako badia osoarentzat ere baliagarria izango dela esan dute. Horrenbestez, aldundia prest agertu da Lekuonari eman nahi zaion kultur helburu aldaketa diruz laguntzeko, 2.436.963 euroko ekarpen ekonomikoa bere gain hartuta.
Bi erakundeek 2017ko otsailean aurkeztu nahi dute hitzarmen berritua.