Herriko elkarteek larunbaterako antolatu duten Santomas azokarekin hasiko dira Gabonetako ospakizunak.
Elkarte antolatzaileen ordezkariak, Lore Txortan, Antxon.
Larunbaterako (hilak 17) antolatu dute San Tomas azoka Antxon. Ohi bezala, herriko elkarteek elkarlanean antolatu dute feria. Galepertarrak, Basari, Lore Txorta, Armonia, Jaizkibel, Alkartasuna, Kantu Jira, eta Pasaia-Lezo Lizeoa, guztiak bildu dira antolakuntzan.
Elkarteetako ordezkariek atzo arratsean egin zuten aurtengo azokaren aurkezpena, Lore Txorta elkartean. Iragarri zutenez, aurten 30 artisau inguruk jarriko dituzte erakusmahaiak Gure Zumardian. Horiez gain, ohi bezala, bertako eta garaiko produktuen eskaintza zabala izango da aukeran, eta txikienen gozamenerako, animaliak ere izango dira plazan.
Urtero legez, azoka bitartean, Pasaia-Lezo Lizeoko gurasoek zerbitzatutako txistorra taloak dastatzeko aukera izango da, baita tragoa egitekoa ere. Biltzen duten dirua Ipar Euskal Herriko ikastoletara bideratuko dute.
10:00etan zabalduko dute azoka, eta 12:00etan, Pasaia-Lezo Lizeoko ikasleen emanaldia hasiko da. Ondoren irtengo dira Alkartasunako dantzariak eta Kantu Jirako kideak, bazterrak girotzera.
Azoka bukatuta, 14:30ean,
babarrun jatea izango da azokan, herriko gazteek antolatuta. Bazkarirako txartelak 10 euroan eros daitezke Izadi, Mimos, Kamio, Leunda eta Dani tabernetan. Bihar arte dago txartelak erosteko aukera.