Petritegi eta Lizeaga sagardotegiek Albaola eraikitzen ari den San Juan baleontziaren pieza bat babestu dute

Ainara Otaño, Petritegi sagardotegiko gerentea, Xabier Agote, Albaolako Presidentea eta Gabriel Lizeaga, Lizeaga sagardotegiaren jabea. Argazkia: Mendi Urruzuno.
Poliki baina etenik gabe handitzen ari da
San Juan baleontziaren
babesleen zerrenda. Oraingoan Petritegi eta Lizeaga sagardotegiek eman diote babesa Albaolaren egitasmoari, belaontziaren aurreko belaren berga babestuz.
Albaolak azaldu duenez, aurreko bela XVI. eta XVII. mendean erabili zen batez ere. Poparian joateko oso aproposa zela gaineratu dute, “itsasontzien alboetatik eta beste belen azpitik korritzen zuen haizea hartzeko”. Ontziaren aurretik tira egiten zuenez, norabideari eusten laguntzen zion lemazainari.
Bela hori zabaltzeko bergak 8,80 metro neurtuko ditu –baleontzia beraren zabalera baino handiagoa izango da–, eta 26 zentimetroko lodiera izango du erdian.
Elkarlan sendoa
Albaola Elkartea eta Petritegi eta Lizeaga sagardotegiak aspaldidanik ari dira elkarlanean. Historia eta ondarea berreskuratzeko elkartu ziren, eta bide horretan, sagardoarekin egin dute topo.
Sagardoa, urte askoan, euskal baleazaleen edaria izan zen. Arrantzaleek Ternuara eramaten zuten sagardoa, 4 eta 6 hilabete artean irauten zuen kosteretara. Sagardo kopuru handiak garraiatzen zituzten, eta horrek, sagardoa modu industrial batean ekoizten hastea ekarri zuen.
Proiektu bat baino gehiago landu dituzte Albaolak eta sagardotegiek elkarlanean, besteak bestek, garai batean sagardoa Astigarragatik Donostiara nola garraiatzen zen erakusteko. Sagardotegien enkarguz, ala bat eraiki zuten Albaolako arotzek, ondoren, sagardo kupelak Urumeatik garraiatzeko, garai batean bezala.