Haurren zein helduen San Silbestre lasterketak streaming bidez emango dituzte.
San Silbestre lasterketaren aurkezpena.
Hilaren 31n helduko da San Silbestre, baina aurretik lanean jo eta su ari dira antolatzaileak. Atzo egin zuten agerraldia Ibai Saavedra Errenteria Atletismo Taldeko ordezkariak, Juneren Hegoak elkarteko kideek, eta Jon Txasko Kirol zinegotziak lasterketaren gainekoak zehazteko.
Hiru ibilbide izango dira aurten ere: haurrei begirako 1.000 metrokoa, 3,5 kilometroko ibilbide ertaina, eta handiei begirakoa, 7 kilometrokoa. Izena emateko, hilaren 29a arte izango dute aukera San Silvestre naguasian irten nahi dutenek, 12 euro balio ditu inskripzioak eta internet bidez egin behar da
EATren webgunean. Egunean bertan ezingo dute izenik eman. Dagoeneko 600dik gora dortsal saldu dituzte.
Kadeteen kasuan, ibilbide ertaina egiteko aukera izango dute hala erabakitzen dutenek. Kasu horretan izena eman beharko dute atletismo taldearen webgunean.
San Silvestre Txikiaren kasuan haurrek ikastetxeen bidez eman behar dute izena, baina Saavedrak zehaztu duenez, banatu dituzten 700 dortsalak agortu egin dira jada, “arrakasta handia izan du beraz, txikien artean lasterketak”. Haurrek egunean bertan izena emateko aukera ere izango dute 15:30etik 16:15era, baina Herriko Plazan egin beharrean, Koldo Mitxelena ikastetxearen jolastoki estalian kokatuko dute aurten.
Streaming bidez lasterketa jarraitzeko aukera
Aurtengo berrikuntzetako bat, kamiseta izango da. Saavedrak zehaztu duenez diseinu berriarekin dator eta teknikoagoa izango da, “sorpresa izango da ordea, eta ez dugu ezer gehiago aurreratuko”. Ez da berrikuntza bakarra. Izan ere, teknologia berrien aldeko apustua egin dute San Silbestreko antolatzaileek eta haurren zein helduen lasterketak streaming bidez emango dituzte: “Ozzinemarekin elkarlanean beraiek duten pantaila erraldoia jarriko dugu Koldo Mitxelenako jolastokian eta bertatik lasterketak jarraitzeko aukera izango dute bertaratzen direnek”. Urrats horrek, aitzindari egingo duela Errenteria-Oreretako San Silbestrea gaineratu zuen EATko kideak, “lehenengoak izango gara halako lasterketa zuzenean ematen”.
Lasterketa nagusiko lehen sei sailkatuek, emakume zein gizonek, jasoko dute saria. San Silbestre Txikiaren kasuan, maila bakoitzeko lehenengo hiru sailkatuek jasoko dituzte sariak. Hala ere denek eskuratuko dute parte hartu izana erakusten duen diploma. Ez dira bakarrak izango, mozorrorik onenak ere izango baitu, eta horren harira, lasterketan mozorrotuta parte hartzeko deia egin du Saavedrak.
Kirola, elkartasunerako
Kirola eta elkartasuna eskutik helduta joango dira San Silbestrean, eta urtero egin ohi duten moduan, inskripzio bakoitzeko euro bat Juneren Hegoak taldeari emango diote. Taldeko kide den Alazne Mendikutek eskerrak eman zizkion atletismo taldeari.
Eskerrak eman zizkion Txon Txaskok ere EATri, “esfortzu handia egiten duzuelako eta baita elkartasuna landu ere”. Zoriondu ere egin zuen taldea, “hasi baino lehen arrakastatsua izaten ari delako San Silbestrea”. Amaitzeko herritar guztiak animatu zituen lasterketan parte hartzera.
Antolaketa lanetan guztira 4 boluntario ari dira, eta Saavedrak horiei, udaltzaingoari, udalari, eta babes zibileko boluntarioei eskerrak eman zizkien egiten duten lanarengatik lasterketa posible egiteko.
Irteera orduak
- San Silbestre Txikia: 16:30ean.
- Benjaminak(2007-2008): 16:30ean
- Alebinak (2006-2005): 16:40ean
- Infantilak (2003-2004) eta Kadeteak (2001-2002): 16:50ean
- Helduen San Silbestrea: 17:00etan