Bosgarren edukiontzia ezartzea onartu du plenoak. San Marko Mankomunitateak bilketa egiteko hitzarmena ere onartu du, memoria ekonomikoa ez badute egin ere.
Intxaurrandieta, Arriuti eta Zabalo.
Gaurko plenoan hala onartuta, hondakinen bilketa sistema aldatu, eta bosgarren edukiontzia izango du Lezok 2017an. Luze joan da saioa, eta hainbat herritar ere bertaratu dira akordioaren alde, eta herri galdeketa egin dezaten eskatzeko. Alperrik. Erabakita zegoen Lezon bosgarren edukiontzia ezartzea, eta aurreikusitakoa bete da, EH Bilduko zinegotziek, balorazio egokia eta txostenak falta zirela nabarmendu badute ere. Hamaika galdera zuzendu dizkiete EAJko zinegotziei. Erantzunik ez da heldu, ordea. Tramitea izan da plenoa bosgarren edukiontziari argi berdea eman eta San Markorekin hitzarmena onartzeko, eta hori erabaki dute EAJko eta PSE-EEko zinegotziek.
EAJren proposamena “gezur batean” oinarritutakoa dela salatu du Mikel Arruti EH Bilduko zinegotziak: “Lezoko biztanleen gehiengoaren iritzia kontuan hartuta ari zaretela diozue, baina ez duzue herri galdeketarik egin”. Gogorarazi du galdeketa hori biltzen zuela EAJk bere programan, eta hondakinen gaiaren harira dimisioa aurkeztu zuen Kepa Garbizu alkateak, eta egungo alkate Jesus Maria Martiarenak ere galdeketaren alde egin zutela, “orain ezetz badiozue ere, gezurretan ari zarete, hori jasota baitago hainbat egunkaritan egindako elkarrizketetan”, esan du Arrutik, Ainhoa Zabalok elkarrizketa horien kopiak erakusten zituen bitartean. Joseba Egibarrek ere hala esan zuen ETBko
Azpimarra saioan, hondakinen bilketa sistemaren arazoaren konponbidea galdeketa zela.
Ainhoa Intxaurrandieta zinegotzia (EH Bildu) ildo beretik mintzatu da, eta “gezurretan aritzea” leporatu dio EAJri, “gauza bat esaten duzue eta bestea egiten duzue. Lezoko herritarrei kasurik ez diezue egiten”. Hondakinen bilketaren gainean, koalizio subiranistak gobernu taldeari hiruzpalau proposamen aurkeztu dizkiola esan du, “baina behin bideratuta eta baiezkoan zaudetela dirudienean, burla egiten diguzue guri eta herritarrei”. Horren arrazoia argi dute EH Bilduko zinegotziek, “Gipuzkoako EAJren kontsigna denaren gainetik jarri duzue, muzin egin diozue berriz ere Lezoko herriari”. Ainhoa Zabalo EH Bilduko zinegotziaren iritziz “lotsagarria eta negargarria” izanda hondakinen bilketa sistema aldatzeko txostenik ez aurkeztea eta herritarrak kontuan ez hartzea: “Nabaria da kudeaketa eta profesionaltasun falta izugarria duzuela”.
Zabalo prentsan egindako elkarrizketen kopiak erakusten.
Lezoko hondakinen afera “estatu arazo” bihurtu da EH Bilduko zinegotzien hitzetan, “zuen hitza jan behar izan duzue, goiko aginduak betetzeko. Ez zarete Lezo eta bertako herritarren interesak defendatzen ari, txotxongilo hutsak zarete hemen, sinatu egiten duzue goitik idatzita datorkizuena”.
Bosgarren edukiontzia ezartzeko arrazoia “errauste planta” dela zalantzarik ez dute, eta hala esan dute plenoaren gaurko saioan koalizio subiranistako ordezkariek: “EAJri ez zaio interesatzen %80 birziklatzea, errauste planta nahi duelako eta 6.000 biztanleko herri batean sortzen den errefusa ere beharrezkoa zaio hori justifikatzeko. Hain da garrantzitsua, alkate eta zinegotzi baten dimisioa ere eragin duela”.
PSE-EEko zinegotzi Jose Angel Sanchezi ere gogorarazi diote bere alderdiak ere eskatu zuela herri kontsulta: “Zinegotzi bakarra zara, baina zure bozkarekin herritarrei hitza emateko aukera zenuen”.
Bosgarren edukiontzia ezartzearen alde bozkatu dute EAJko sei zinegotziek eta PSE-EEko bakarrak. EH Bilduko sei zinegotziek kontra egin dute. Behin bozkatuta hartu dute hitza herritarrek, alkateak hasiera batean ukatu ostean. Kontsultaren alde egiteko eskatu dute, “herritarren iritzia kontuan hartzeko. Gai honen ondorioz banatuta dago herria eta galdeketa eginda dagoen egoera alda zitekeen”. Plenoaren aurretik dena erabakita zegoela esan du beste herritar batek, “Gipuzku Buru Batzar ari da agintzen Lezon, eta bertako zinegotziek sinatu egiten duzue. Aginduak daude errauste planta bat egiteko”.
Hitzarmena San Markorekin
Bigarren puntuak eztabaida luzea ekarri du ere. Hondakinak biltzeko San Markorekin hitzarmena egin nahi zuen gobernu taldeak, eta hori ere aurrera atera da EAJ eta PSE-EEren babesarekin, nahiz eta txostenak falta zirela ohartarazi duten udal idazkariak eta abokatuak ere. Hitzarmen horretan zer sinatzen ari diren ere ez dakitela gobernu taldeko kideek leporatu die Zabalok EAJ eta PSE-EEri. Hainbat galdera egin dituzte EH Bilduko zinegotziek eta puntu horretan ere erantzunik ez dute jaso, “ez dakigu gezurretan ari zareten, edo irakurri ere ez duzuen egin”.
Herritar batzuk ere izan dira plenoan 09:00etan deitu badute ere.
Onartutako hitzarmenaren arabera, hondakinen bilketa zerbitzua externalizatu egingo du udalak, eta San Marko arduratuko da. Halako aldaketa bat egiteko, ordea, udalarentzat komenigarriagoa dela erakutsi beharra dagoela esan du Intxaurrandietak, eta udal abokatuak berretsi du hori, “zuek aurkeztu duzuen hitzarmenean, ordea, ez dago memoria ekonomikorik hori baloratu ahal izateko”.
“Hutsune ugariak” dituela hitzarmenak salatu dute. Besteak beste, gaur egun hondakinen bilketan eta kale garbiketan ari diren langileen lanpostuak errespetatuko ote dituzten (10 langile ari dira, 6 hondakinen bilketan eta 4 kale garbiketan), noiz egingo dituen San Markok bilketak, zenbat ordainduko den errefusa tona bakoitzeko… Erantzunik gabeko galdera ugari gelditu dira airean, eta langileen ordezkari sindikala ere bertaratu da: “Joan den astelehenean bildu ginen Sanchezekin, Hirigintza zinegotziarekin, eta esan zigun lasai egoteko lanpostuak mantenduko zituztela. Enpresak ere ez digu kontrakorik jakinarazi. Baina gaurko plenoan inork ez ditu bermatzen lanpostu horiek, eta agian kaleratzeak izango direla esan duzue”. Kaleratzeak izatekotan, gainera, eta hitzarmenaren arabera, Lezoko Udalak hartuko ditu bere gain enpresak izango lituzkeen ardurak.
Hitzarmena onartzeko proposamena legez kontrakoa ez, baina “osatu gabea” dela esan du udal idazkariak, eta abokatuak ohartarazi du memoria ekonomikoa beharrezkoa dela. Horren aurrean, gaia mahai gainean uzteko eskatu du Intxaurrandietak memoria ekonomikoa egin arte, “ezin duzu sinatu, zer sinatzen ari zaren jakin gabe”, baina alkateak ez du onartu eta bozkatu egin dute. Hitzarmena sinatzeko “presa” zutela gaineratu du Intxaurrandietak, “ostiralean San Markon gaia tratatuko dutelako eta ordurako onartua behar duelako”.