Txikiek, oporretan, badituzte herrian bertan aukerak
Pasaiako Udalak herriko aisialdi elkarteekin elkarlanean Gabonetako Haur Jaia antolatu du datorren asterako.
Pasaiako Udaleko Gazteria Departamentuak 24 urtez jarraian Gabonetako Haur Jaia antolatu du Pasaiako barruti guztietan, hilaren 26an, 27an, eta 28an. Pasaiako aisialdi talde eta ludoteka guztiekin batera osotu du programazioa. Trintxerpen Ekaitza eta Boveda aisialdi taldeek kudeatuko dute festa, San Pedron udal ludotekak, Donibanen Itaia Kolektiboak eta Antxon barrutiko ludotekak. Astelehenean, hilak 26, jolasak, tailerrak eta Gabonetako apaingarriak egingo dituzte barruti guztietan. Horrez gain, Antxon Trokolo pailazoak “Chef chof” ikuskizun dibertigarriarekin izango dira. San Pedron Potxin eta Patxin “Herriko jaiak” emanaldiarekin. Donibanen Imanol Ituiño magoak “Magia parrastan” ikuskizuna eskainiko du. Trintxerpen Tomaxen abenturak pailazoek “Hiru ipuin, hamaika irri” ikuskizun berria eskainiko digute. Jarduerak 16:00etatik 19:00etara izango dira egunero, ondoko areto hauetan: Antxoko kultur etxean eta ludotekan, Trintxerpeko Karmengo Ama eskolan, Donibaneko ludotekan eta San Pedroko udal aretoan. Bai jarduerak eta bai ikuskizunak doakoak izango dira 4 urtetik aurrerako haur guztientzat.