Guztira, 300 lagun baino gehiagok egin diote ekarpen ekonomikoa komando antikapitalistetako kideen hilketari buruzkoak jasoko dituen ikus-entzunezkoari.
Pasaiako sarraskia gertatu zen tokia, Donibanen.
“Erantzun paregabea” izan du
Pasaiako Badia dokumentalaren crowdfunding kanpainak. Hala jakinarazi dute dokumentalaren arduradunek finantzazioa bermatzea helburu zuen kanpaina bukatu berritan. Zehaztu dutenez, 10.000 eurotik gora bildu dituzte 40 egunean. Guztira, 300 lagun baino gehiagok egin diote ekarpen ekonomikoa proiektuari.
“Azken 40 egun hauetan elkartasuna eta babesa sentitu ditugu” esan dute, eta dirua ez ezik “proiektua aurrera eramateko indarra” ere bildu dutela nabarmendu dute. “Proiektuari ekarpen ekonomikoa egin diotenei nahiz dokumentala zabaltzen lagundu diguten guztiei gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu”, esan dute.
Erakusketa oraindik ibiltari
Kanpainak iraun duen bitartean, dokumentalaren inguruko erakusketa jarri dute Eibar, Azkoitia, Pasai Donibane eta Errenteria-Oreretan. Orain, Donostiako Kaxilda liburutegian dago erakusketa, eta urtarrilaren 20ra arte bisita daiteke. Horrez gain, datozen hilabeteetan erakusketa leku gehiagotan jartzeko asmoa dutela iragarri dute.
Azkenik, dokumentala grabatzen jarraituko dutela jakinarazi dute, eta edizio, posprodukzio nahiz hedapen lanekin jarraituko dutela jakinarazi dute. Dena ongi bidean 2017ko udazken hasieran estreinatuko dute filma.
Sariak
Ekarpen ekonomikoa egin duten guztiei DVDak, eta posterrak banatuko dizkiete, eta on-line emanaldia eta zine emanaldirako sarrerak ere emango dizkiete. Horiek estreinaldiaren ondoren banatuko dituztela ohartarazi dute.
Horrez gain, iragarritako bi zozketak – nekazal-etxe batean asteburu pasa eta produktu ekologikoen otarra- , Gabonetan egingo dituztela jakinarazi dute.
Ekarpena egin duten guztiekin datozen egunotan jarriko dira harremanetan.