Taldeko kideak, Andreone ondoko konposta gunean.
Bost edukiontzien sistema ezarrita, egun Altamiran eta ondoren herri osoan, Lezon Ondo Ai Geak birziklatzearen aldeko apustua berretsi egin du, beti nabarmenduz bost edukiontzien sistemarekin ados ez daudela, “ez delako birziklatzeko metodorik eraginkorrena”. Sistema behin ezarrita, idatziz, bi proposamen helarazi dizkio udalari: lehena auzokonposta indartzeko neurri sorta da, bestea, Altamirako proba pilotuaren gaineko gogoeta egin, eta Hondakinen Mahaia martxan jartzeko eskaera. Behin baino gehiagotan aipatu dute gaur egindako agerraldian udalarekin elkarlanerako prest dagoela taldea.
Hondakin organikoetan arreta berezia jarri du taldeak. Jakinda etxeetan sortzen den hondakinen %50 inguru organikoa dela, horren ahalik eta zatirik handiena birziklatze zirkuituan sartzea ezinbesteko da taldearentzat. Eta horretarako bidea, hondakinak jasotzeko edukiontzi marroiak zein emaitza ematen dituen itxaron gabe, auzokonposta dela uste du.
Auzokonpotsa bultzatzeko eskatu diote udalari, informazioa emanez, gune gehiago jarriz, eta horiek jarriz gero, udalak baliabideak egokituz konposta gune horien jarraipena, kontrola eta bolteoa —konposta kutxetan aldiro egin behar den ekintza— egiteko. Urtarrilaren 17an aurkeztu zuen Lezon Ondo Ai Geak proposamen hori, idatziz, udalean. “Ez dugu erantzunik jaso. Ez gara Lezokoak. Ez gara existitzen”, esan dute.
Taldeak adierazi du hondakinak “ongi bereizteko gogo eta pazientzia asko” hartzen dutela herritar gehienek, eta euren ahaleginak segida izan behar duela, organikoaren kasuan konposta guneak bultzatuz, “ingurumena laguntzeko eta zabortegira ahalik eta hondakin gutxien bidaltzeko”.
Altamira
Lezon Ondo Ai Gea bost edukiontzien sistema Altamiran nola ari den funtzionatzen aztertzen ari da. Eurek ikusitakoarekin, auzotarrek esandakoarekin, eta hondakinak biltzen dituzten langileetatik jasotakoarekin egun gutxi indarrean daraman sistemaren gaineko gogoeta egin dute.
Nabarmendu dutenez, udalak herritarrak errefusa sortzera bideratu dituzte, “edukiontzi gune bakoitzean bi errefus ontzi jarrita, herritarrak horretara bideratzen dituzte. Hondakinak bereiztu beharrean eta gutxinaka atera beharrean, denak poltsa batean sartu eta errefusara botatzera bideratzen du horrek”.
Edukiontzi grisean organikozko poltsak antzeman omen dituzte taldekoek, “herritar batzuk oraindik ez dute argi zein edukiontzitan bota behar den hondakin bakoitza”. Hori gertatzeko arrazoi batzuk eman ditu taldeak: “Korrika eta presaka jarri dute sistema, edukiontziak non jarri ez dute adostu auzotarrekin, organikorako poltsak ez dituzte eman…”.
Edukiontzi marroietan, berriz, orotariko hondakinak topatu dituzte, “nahiko hutsik ikusi ditugu, eta gainera materia inpropio desberdina antzeman dugu. Horrek organikoa errefus bilaka dezake, inpropioen kopurua %5koa bada”.
Horiek esanda, eta Altamirakoa proba pilotua denez, auzoan gertatzen ari dena aztertu, ondorioak atera, eta “kaskoan jarriko den sistema birplanteatzeko” Hondakinen Mahaia abiatzea eskatu du taldeak. Hori eskatuz idatzia erregistratu dute udalean.