Hileko lehen astelehenero bezala, hilaren 6an kalera aterako da Duintasuna Jubilatu eta Pentsiodunen elkartea.
Duintasunak pobrezia energitikoari aurre egiteko neurriak eskatu zituen abenduko mobilizazioan.
Hileko lehen astelehenero bezala, hilaren 6an kalera aterako da Duintasuna Jubilatu eta Pentsiodunen elkartea. Beraiekin bat egitera deitu dituzte herritarrak. Horretarako arrazoi nahikoak daudela diote eta adibide gisa jarri dute lan zein gizarte arlotan “sufrimendu handiarekin” lortutako hobekuntza eta garaipenetan ematen ari den “atzerakada izugarria”.
PPren gobernuari bankuen, multinazionalen eta elektrizitate enpresen alde egitea leporatu diote, “diru publikoa erabiltzen dute horretarako, eta hilabetero 66 miloitik 122 miloi eurora bitarteko dirutzak ematen dizkiete”.
Dirua horretara bideratzen duten bitartean pentsioak %0,25 besterik ez dituztela igo salatu du Duintasunak, “BPG %1,6 igo da”. Egoera horrek jubilatuak, baliabide urriko pertsonak miseria gorrira daramatzala esan dute, “biziraupenaren mugaraino”. Horren harira, Euskal Herriko pentsio eta gizarte zerbitzuen kudeaketa osoa eskatuko dute asteleheneko elkarretaratzean.
Herritarrak “otzanduta” daudela esan du bestalde Duintasunak eta kalera ateratzera deitu ditu, “egoera honekin guztiarekin amaitzeko”.
Astelehenean 11:00etan egingo du elkarretaratzea Duintasunak Herriko plazan, eta bertatik abiatuta, manifestazioa herriko kaleetan barrena.