Memoriaren Basoa Iparragirre eremuan egingo dute. Aurretik baina, garbitze lanak egin behar dira inguru horretan. Auzolanerako deia egin dute.
Aurretik ere garbitze lanean ibiliak dira lezoarrak.
Otsailaren 18rako auzolanera deitu ditu lezoarrak Etxetxok, Lezoko Memoria Historikoaren Elkarteak. Iparragirre eremua —bertan frankismoaren esklaboen pabiloiak egon ziren— garbitu nahi dute, ondoren, bertan, Memoriaren Basoa izango dena eraikitzeko. Bertan, Txerrimuñoko kideen laguntzaz, 300 zuhaixka landatzea da asmoa.
Etxetxoko kideek deialdi zabala egin dute, “lagun askoren beharra dugu eginkizun hauetarako”. Horregatik, ahal duten guztiei ager daitezela eskatu diete.
Hilaren 18an 09:30ean joango dira hala nahi dutenak Iparragirre eremu aldera. Tiñelun gelditu dira. 13:00ak aldera lanak bukatutzat emango dituzte. Eguraldi txarra egiten badu ere aurrera egingo dute auzolanarekin.