Merkataritza eta zerbitzuak, errenteriarrak udalerrian gelditu eta kanpoko bisitariak erakartzeko giltzarria direla esan du Mendozak
Artetxe, Iparragirre, Mendoza, Colino, Ertzibengoa eta Eizagirre.
MIPB Merkataritza eta ostalaritza Indartzeko Plan Berezia aurkeztu dute gaur Julen Mendoza alkateak, Imanol Iparragirre Errenkoaldeko presidenteak, Iker Colino eta Aritz Ertzibengoa ostalariak, eta Ikertalde enpresako Elena Eizagirre eta Iñigo Artetxek. Merkataritza eta zerbitzuak, errenteriarrak udalerrian gelditu eta kanpoko bisitariak erakartzeko giltzarria direla esan du Mendozak: “Gipuzkoako batez bestekoa kontuan hartuz, merkataritza arloan diru hornidurari dagokionean, Errenteriaren egoera okerragoa izateaz gain, azken urteetako eboluzioa negatiboa dela ikusi dugu plan estrategikoaren diagnostikoan”.
Errenteria-Orereta, inguruko merkataritza azpiegiturek baldintzaturiko udalerria dela gaineratu du, “batez ere Oiartzun, Irun eta Donostiako azpiegiturek baldintzatzen dute, eta merkataritza gastuen maila handi batek bide horietatik ihes egiten du”. Horren aurrean “merkataritzak bultzada” behar duela erantsi du Mendozak, “hausnarketa sakona egin behar da nola erantzun jakiteko”. Gakoa zein den argi du alkateak, “kalitatezko zerbitzua eskaini behar da”.
Hausnarketa hori egiteko ezinbestekoa dela merkatariak eta ostalariak inplikatuko dituen prozesua abiatzea gaineratu du. Horregatik abiatuko dute Merkataritza Indartzeko Plan Berezia. Prozesua da gainera, bere hitzetan garrantzitsuena, emaitzaren gainetik: “Gure herriak abiatu behar du prozesu hori eta abiatuko dugun plan berezia baliatu nahi dugu prozesua bera eta komunitatearen ideia indartzeko”.
Sektorea estrategikoa da Mendozaren hitzetan merkataritza udalerriarentzat, “zerbitzuetan oinarritutako ekonomia delako nagusi gure udalerrian”, eta merkataritza atalean hausnarketa eta inbertsioak egin behar dituela udalak esan du.
Hausnarketa hori egin eta ondorioak ateratzeko Ikertalde enpresak sektore horretako eragileekin prozesu bat abiatu du. Prozesu horretan, sektorearen parte hartzea oso garrantzitsua dela nabarmendu du, eta beraien esku hartzea bermatzeko hainbat bide aurreikusi dituzte: inkestak, eta merkataritza arloko profesionalekin bilerak egingo dituzte. Ikertaldek herritarrei inkestak egingo dizkie eta hamar eguneko epea hastea aurreikusi du. Aldi berean, merkatariekin hasiko dira lanean.
Aukera berrien bilaketan sektorearen lidergoa eta dinamizazioa garrantzitsuak direla esan du Mendozak eta udala bide horretan bidelagun izango dutela gaineratu du.
Merkatariek ilusioz hartu dute plana
Ertzibengoa ostalaria da, eta “pozez” eta “ilusioz” hartu dutela plana esan du, “ona da herr osoarentzat, merkatarientzat eta baita ostalarientzat ere”.
Plana garatzeko Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapenaren eta Lehiakortasun Sailaren Merkataritza Zuzendaritzaren laguntza izango du udalak. Prozesuari buruzko informazioa eta parte hartzeko zein inkestak on-line betetzeko aukera udalaren webgunean izango da.