Trintxer Mendi Taldeak 25. urteurrena du, eta argazki lehiaketa batekin hasiko ditu ospakizunak, igandean.
Lagun kuadrilla handia biltzen da Trintxer Mendi Taldearen irteeretan.
Trintxer Mendi Taldeak aurten ospakizun urtea du. 25 urte betetzen ditu taldeak, eta hainbat jarduera antolatu dituzte, urte osoan zehar, urteurrena ospatzeko.
Lehen ekitaldiari igande honetan emango diote hasiera (hilka 19). Mendi irteera dute igandean Trintxer taldekoek. Ibaizabal
Ibaia Arroari bira ematen ari dira eta igandeko etapan, 18 kilometro osatuko dituzte Laudiotik irten eta Zaramillo bitartean. Etapa horrekin batera emango diote hasiera urteurrena ospatzeko antolatu dute Mendi Argazki Lehiaketari.
Lehiaketan mendi taldearen irteeretara doazen guztiek parte har dezakete – beti ere argazkilari profesionalak ez badira-, eta gaia, nola ez, mendia izango da, antolatzaileek zehaztu dutenez “haren ikuspegi guztietan: natura, paisaia, giza-jarduerak, kirol-ekintzak, mendizaletasuna, txangozaletasuna, eskalada,…”.
Ondoren erakusketa
Urte osoan izango da martxan lehiaketa. Parte hartzaileek, gehienez, hiru argazki bideratu ditzakete irteera bakoitzeko, hilaren 20an hasi eta abenduaren 23ra bitartean.
Epaimahairen erabakia datorren urteko urtarrilaren 15ean jakinaraziko du Trintxer Mendi Taldeak, eta urte bereko otsailaren 1ean egingo dute sari banaketa, eta argazki erakusketaren inaugurazioa, Trintxer elkartearen egoitzan bertan.
Ekitaldi gehiago
Urteurrenari lotutako hurrengo ekitaldia martxoaren 5ean dute. Zuhaitzak aldatuko dituzte goizean, eta ondoren barrikotean bilduko dira. Ondotik, Erniora igoera berezia, Aralarreko gaueko ibilaldia, Mendiola-Ulia ibilaldi neurtua, mendi garbiketa… horiek agindu dituzte, besteak beste, mende laurdena merezi bezala ospatzeko.
Lehiaketarako oinarriak
2017 irteeren egutegia