Bat egin dute datorren asterako Espainiako Estatu osoko interes orokorreko portuetan deituta dauden lanuzteekin.
Azken urtetan maiz borrokatu behar izan dute zamaketariek liberalizazioren kontra; irudian 2010. urteko manifestazioa.
Madrilek portuetako zama lanak liberalizatu nahi ditu, dekretu bidez, eta hain zuzen erabaki horren kontra lanuzteak deitu dituzte zamaketariek. Datorren astean izango dira protestak, hilaren 20an, 22an eta 24ean zehazki, eta Pasaiako portuan lan egiten duten zamaketariek deialdiarekin bat egingo dutela iragarri dute. Enpresa batzordeak jakinarazi duenez –
LABek hiru ordezkari ditu eta
UGTk bi-, Pasaian diharduten 92 zamaketariek batzarrean aho batez erabaki dute mobilizazioetara batzea.
Azaldu dutenez, PPren gobernuaren asmoak 6000 zamaketariren lana jarriko luke arriskuan, guztiak gaur arte zama lanen elkarte publikoetan dihardutenak. “PPren gobernuak aukera erradikalenaren alde egin du, zerbitzuaren erabateko liberalizazioa bultzatuz, erreforma Bruselak agindutakoa dela aitzakia hartuta”, salatu dute. Horrez gain, “lanpostuen eta lan baldintzen zati handi bat berma zezakeen irtenbidea adosteko negoziazioak martxan zirela jakinarazi dute, baina PPk negoziazio hori “nahita” ezkutatu duela salatu dute.
Prekarietatea helburu
Zamaketarien ustez, neurriaren helburua argia da: “Zamaketariak lan baldintza prekarioekin ariko diren langileekin ordezkatzea”, eta nahi hori, “gobernuarena baino gehiago patronalaren zati batena” dela nabarmendu dute.
Horregatik “Espainiako Gobernuak lege proiektua bertan behera utzi dezan lortu artean ez direla geratuko” ohartarazi dute, eta iragarritako lanuzteez gain bestelako mobilizazioak egingo dituztela jakinarazi dute.