Eider Perezen 'Bi arrain' irabazle
21 urteko trintxerpetarrak irabazi du Bergarako Jardun elkarteak antolatutako amodiozko gutunen lehiaketa; bigarren saria Iñigo Legorburu errenteriarrarentzat izan da.
2002ko udaberrian Ehunka arrain gorri hilik agertu dira gaur itsas-azal urdinean. Mareak ohi baino abiadura handiagoan egin du behera eta, harrigarriki, hego haizea dario aspaldi itzali zen portuari. Kaiko lehorrean arrantza sare metatuak arrain-hezurrez josirik aurkitu dituzte, mendi garailetako itsas izakien fosilak dirudite. Irratiak ez du gertaeraren inguruko azalpenik eman, eta zeru ederra iragarri du ilunsentirako. Kontserba laten fabrikak ateak itxi ditu. Kiebra jo du. Orain aluminiozko milaka lata koipetsu daude zabalik, tontor gris erraldoi bat dago fabrikako atean. Eta baxurako ontzien herdoila ur-azpian, ez da ikusten, baina ezkutuan dagoena ez ikusiagatik ere antzeman daiteke. Erraza da atzeko kaleko ataka estuetatik kantinara doazen bazterretan galtzea. Bi andre zahar saski bana besoetan, gertaeraren inguruan kontuka, nola badatorren gerezi denbora eta nola larriturik dauden eta nola aspaldi ez duten senarraren gutunik jaso. Inork ez du gaur leihorik ireki. Loreontzi diren plubiometro idorrak, gorri eta berdeak harrizko horma-zuloetan. Zure etxeko ate ondotik pasatzean sentitzen dena. Berriz pasa naizenean sentitu dudana. Edo imajinatu dudana. Eta iturriko kandelak eta Ama Birjina ere desagertu dira gaur. Kantinako toldo ihetua geldi, arrain gorrien antzera, baina urrutian leba-leba dator itsasoa… Gutun hau ez da distopia bat eta ez dut fikziorik esan. Ez da marinel zaharren inguruko poema bat edo botilaratutako maitasun kantu bat. Sabelean badut esmeralda koloreko ozeano bat eta bi arrain. Eta itsaskirria dabil aspalditik. Ikusi dut begi atzean duzun akuarioa eta nabari ditut zure azal azpian ezkatak lasaieran. Masailak, animalia-sena, edo korrontea… Baina berriz murgildu gara ur abisaletan. Nork ukatu dizu maitatzea? Nik maite zaitut. Eta badakit zure akuarioa ez dela nire begiradaren isla hutsa. Bizirik daude. Baina beldurra diozu sirenen kantuari, enbatari, hondoan dagoen horri, ez dakizula igerian agian… irratiak ere ez du gertaeraren inguruko azalpenik eman. Ez naiz ur gazitan itoko eta ez dut itsasgizon zailduen itzuleraren zain egon nahi. Maite zaitut, baina banoa itsasoz bestaldera. Banoa, baina maite zaitut. Maite zaitut eta banoa. Sabeleko ozeanoa baretu arte hustu eta bi arrain geratu zaizkit lehorrean. Gutun hau ez da distopia bat eta ez dut fikziorik esan. Banoa. Ba omen dira arrain gehiago itsasoan. Gaur garabiek ez dute lan egin eta arratseko lehen ordurako kale epelak hutsik geratu dira. Honezkero maiatza izan behar du, enarek dagoeneko eurena egin baitute leiho ondoko teilapea. Okupazio ekintzatzat hartu dut habien eraikitzea eta prest dut desalojoaren eguna. Gaur gertatu dena kontatu nahi nizun, besterik gabe. Irratiak honen berririk eman ez duenez, jakinaren gainean egon zintezen. Bestela, denak bere horretan jarraitzen du eta bere horretan badoa. Zaharrak berri. Estankoa itxi eta lekuz aldatu dute, besterik ez. Etxekoak osasunez oso. Eta laugarren zenbakiko txurro-saltzaileak noiz etorriko zaren galdetzen dit beti. Nik erantzun bera eman izan diot aldiro: ez dudala egundo galdera horren erantzuna jakiteko balio duen haize-arrosik aurkitu. Oraingoan badakidala esango diot, hurrengoan galdera berriz egitea ez dela beharrezkoa izango, sabelean fosildu zaitudala. Aspaldian ikusi gabeko zeru ederrena izan da gaurko ilunsentia.2.- SARIA: 150 € – IÑIGO LEGORBURU
BESTE LAROGEI…USTIAN!! Biyotzeko Joxe Manuel: Zuk letzen eztakizunez, zue etxeko ilobak letuko dizun bildurraz bada´re, zuri eskribittu biharrian arkittu naiz, orrek utzi lezakenan arrastuan jakitun. Izan´e, guriak bizik seitzen dula, guri-guriya dola ta ez Errenteiko besti harek esaten zun modun, “iya guriak egin du”; esateko premiya nakan. Berorri-ka asi giñan artu-emanian, zuka seittu ta azkenenian, ara…ika bukatu deu maiz, zukin iñondik iñoa bukatzeko asmoik gabe! oi bai, beste iñor bistan eztala… bestela, gue amoriyuan berri izango balue, bertsubak jarri baietz, nori ta zuri; Joxe Manuel!! Zue egizko ofiziyuan, bersolaya izateko modun, teatro pixka- pixkat iña zea oain artian. Teatrua, zu etzean oi jendiai xinixtuazteko. Erriyak estimatzen dun “Txirrita”, lotsagabia, tripazalia ta jakintsuba da. Baño nik ordia, bestia ezautu det: Joxe Manuel lotsati, goxua ta ezjakiña; amoriyo kontutan beintzat; Norteko ferrokarrillan baporiak baño beruo jartzen nauna. Iñatzuko sardoteitan asi zan dana. Beste etxietan apopilo eoten ziñaten 3 eunian, andik atea gabe, ean ta ean; bertsuba besteik etzenetula abian. Bertsuba…ta zurruta!! Ta ainbeste denboa ta geo, azkeneako mingaña miztua zan, orduarte launak zianakin etsaitzen asiyak izaten ziñaten, ainbeste jardun ta geo. Ta ordun, apopilo zeuden aitako batzun andriak erropa garbiyak eamatea jundakuan, armoniyan istilluka asiyak ziñatela ikusitakuan, “Muturjoka asi baño len, etortzia duela trikitilayak!!” aintzen zuen. Ta ala, gu juten giñan ara, ta itzan akelarriak aurrea seitzen zun beste pare bat eunez, musikan konpañin. Ta akelarriak ekarri biartzuna ekarri zun, sorginkeya. Aitako batian, launak iji ta aja zebiltzala, eanak erabat; zu ne anka zuztarrei beida arrapatu zinttuan. Galtzapian agirin nazkan ne ankazuztar gaxte ta goxuaidi beida. Baño begiyaik etzian mozkorranak, Joxe Manuel. Eo baldin bazian, pasiyoz mozkortutako baten begiyak zian. Alaxe ba, paraisoko fruta proibittua zukutzen jardun giñan aurrena kupul batea ta geo bestea, arik eta deskuidu batian, iñork ikusten ez ginttula ondoko ikuilun itxoiteko esan ta andik gutxia; zu zinbili-zanbala etorrita, bertan bi alimali biurtu giñan arte. Zue teatruko personajiak, “Txirritak”, ez omen du sekula lanik pulamentuz eiñ, ez baserriyik gobernatu ta ezta emakumeik ezautu´re. Nekin ordia, zue loritasunian lan fiña ein dezu, earki gobernatzen dezu mingaña´re orroko ortan , baño emakumian asuntun… ezin nezake kontrakoik esan!! Nik, Txilibitaneko Pedrotxok, esango nuke Joxe Mielek emakumian biarrik eztula sekula izan. Ta ne esku bado, emendik aurrea eztezun biarko itza emateizut. Ta laxter dezun “Berso-gudu” ortan, gustua badezu beintzat; ni onduan artuta agertuko zea, begiyen bistan dana eonagatikan e, iñork ez baitu ezer ikusiko;oain artian bezela. Au, bizi deun au, gue artekua baita. Ta biyotzez maittatzia zer dan eztakiten aik, usteko due guria eztala ezer, usteko due launtasuna dala, usteko due guria bersolai-trikitilai artu-eman soila dala… Ta ala, pasako dia gue aurretik argiñ andaluzak, jakintsuk, baserritarrak, ilustriak… ta pasako dia gue aurretik; bat, amar, berrogei eo beste larogei…ustian!!