Proisaren aldeko mugimenduak sutatutako "makrotxaranga herritarra" bigarrenez irtengo da kalera larunbatean.
Iaz, Afrika hautatu zuten San Pedron gai gisa; aurten norbere kaxara aukeratzea erabaki dute.
Gai librean, bertsolarien antzera. Inauterietan hala aritzea adostu dute sanpedrotarrek, eta honenbestez larunbatean, norbere kaxara irtengo da mozorroturik kalera. Taldeka batzuk, bakarka, bikoteka… nahieran. Hori bai; 18:30ean denek dute zita, Zamatetetik abiatuko den desfilean parte hartu, eta frontoira iritsita, desfilatzeko. Sari banaketaren aurreko baldintza bakarra horixe.
Inauteri festa, hala ere, goizetik hasiko da. Musika tresnen tailerrak zabalduko du egitaraua, frontoian, eta 12:00etan, Proisak sustatutako “makrotxaranga herritarra” irtengo da bigarrenez jendaurrera, herriko txokoak girotzera.
Arratsaldean desfilearekin piztuko da berriro ere inauteri giroa. Kalejira eta Antxetako nahiz Begihaundiko barrikoteek osatuko dute egitaraua.