ELA sindikatuaren esanetan, beren hitzarmen kolektiboaren negoziazioaren blokeoa salatzea dute helburu.
Elkarretaratzea udaletxe parean eginda, zaharren egoitzaraino manifestazioa egingo dute langileek.
Errenteriako Udalaren menpeko egoitzak garbitzen dituzten eta Jesusen Bihotza Zahar egoitzako langileek elkarretaratzea egingo dute ostiralean. Mobilizaziora deitu duten sindikatuen esanetan (ELA, LAB, ESK, UGT eta CCOO), beren hitzarmen kolektiboaren negoziazioaren blokeoa salatzea dute helburu. Udaletxe parean bilduko dira langileak 12:00etan eta ordu erdi beranduago zaharren egoitzarantz abiatuko dira manifestazioan. Bertan beste elkarretaratze bat egingo dute 13:30ak arte.
Langile horiek 2012az geroztik lan baldintzak eguneratu gabe dituztela salatu dute sindikatuek, “zerbitzuaren kudeaketa daramaten enpresen lukurreria (Eulen eta Uni2, nagusiki), eta udalaren plegu politika dela eta oso zaila izaten ari da akordio batera iristea.”. Enpresek egindako eskaintzak eros ahalmenaren %4ko galera suposatuko lukeela langileentzat dio sindikatuak, “eurak, aldiz, ez daude prest irabazien euro bat ere galtzeko, eta guzti hau udalaren eta bertako arduradun diren EH Bildu eta Errenteria Irabaziz alderdien adostasun eta onespenarekin”.