Ostiralean, 11:00etan, Donibaneko aiton-amonen aterpean egingo dute aurtengo inauterien aurkezpena.
Juanba Berasategi marrazkilariak sanjuandarrak irudikatu ditu Orreagako gudan.
Donibanen hasia da itxuraldaketa. Erretiratuen egoitza mendi artean, Pirinioen erdian gordea, tabernetan Juanba Berasategiren marrazki paregabeak, herritarrak protagonista, karrozak eta desfilerako koreografiak,… sanjuandarrek ia dena prest dute Orreagako Gudaren errepresentaziorako.
Aurkezpena ere antolatua dute. Ostiralean izango da, 11:00etan, urtero legez aiton-amonen egoitzan. Luisma Laboa kazetariak gidatuko du aurkezpena, Carlomagnoren paperean, eta ondoan izango ditu guda garaiko beste pertsonaia nagusiak: Erroldan (Josetxo), eta Eneko Aritza (Robustiano).
Pertsonaiak aurkezteaz gain, gudaren errepresentaziorako aurreikusitako agertoki nagusiak aurkeztuko dituzte, ondoren luntx batekin inauteriei hasiera emateko.
Antolatzaileek deia zabaldu dute, etxeak nahiz denda eta bestelako establezimenduak apaintzeko. “Ez dago adinik gozatzeko eta herrigintzarako” , esan dute, eta herritar guztiei luzatu diete desfilera batzeko deia.
Egitaraua:
Ostiralean:
- 11:00: Aurkezpena, aiton-amonen aterpean.
Larunbatean
- 10:45: Inauterien argazki ofiziala, adarrak hirugarren aldiz jotzen duenean.
- 11:00: desfilearen hasiera, eta lehen emanaldia Meipiko plazan. Ondoren, Bizkaia plazan, Koxtapeko egoitzaren ondoan, batailaren antzezpena.
- 13:00: Desfilea plazara iritsiko da. Taldeen emanaldiak. Ondoren, arku-tiroa eta onda txapelketa. Jarraian poteoa.
- 14:30: Bazkaria.
- 18:00: Nafarroako lehen erregeari koroa jartzea, Piedadean.