Portuko zamaketariak elkarretaratzea egingo dute ostiralean, 11:00etan, Portu Agintaritzaren aurrean.
Estibako lanpostuen defentsan elkarretaratzea antolatu dute ostiralerako Pasaiako portuko zamaketariek. 11:00etan elkarretaratuko dira, Portu Agintaritzaren parean.
Madrilek sektorea arautzeko onartu nahi duen lege dekretuaren kontra ari dira borrokan Espainiako Estatu osoko portuetako zamaketariak. Berez,
pasa den ostiralean onartu nahi zuten dekretu berria, baina Madrilek astebetez atzeratu zuen erabakia, langileen ordezkariei negoziaziorako astebeteko luzapena eskainiz. Akordiorik ez da izan oraingoz, eta aldaketarik ezean, ostiral honetan onartuko dute dekretua.
Zamaketariek salatu dutenez, dekretu berria onartuko balute 6.000 lanpostu suntsitu daitezke Espainiako estatuan. Neurriak eragin zuzena izango luke gaur gaurkoz Pasaiako portuan lanean ari diren 150 zamaketarirengan.
LABek zamaketarien mobilizazioekin bat egingo duela iragarri du, eta euskal portuen kudeaketaren transferentzia aldarrikatu, “zamaketarien lan baldintzak Euskal Herrian bertan adostu ahal izateko”.
Azken urtetan maiz borrokatu behar izan dute zamaketariek liberalizazioren kontra; irudian 2010. urteko manifestazioa.